EUSKAL PILOTA

Goikoetxea V.a-Labaka eta Segurola-Zaldua I.a, finalerdietara sailkatuta

2021/02/19

Argazkiak:oriamendi2010

Goikoetxea V.ak eta Labakak Urrutia II.aren eta Aizpuru III.aren aurka 40-39 irabazi zuten Oriamendi Torneoko hirugarren jardunaldiko partida, eta Segurolak eta Zalduak 40-34 irabazi zioten Etxarri-Zubiriri jardunaldiko bigarren norgehiagokan.

Lehen partida gora beheratsua izan zen oso, baina joko onarekin eta dinamika ezberdinekin. Ederki hasi zuten partida gorriek 12-1 bere alde zutela. Labaka jaun eta jabe zen kantxan, baina orduan urdinak berpiztu ziren eta 18na berdintzeaz gain, aurretik jarri ziren 19-27, 25-34 eta 34-39. Urdinek garaipena lortuko zutela zirudienean baina, 6-0eko partzial batek eman zien garaipena gorriei. Labaka izan zen lehiako onena, 19 tanto egin zituen eta hutsegite bakarra. Aizpuruk ere 19 tanto egin zituen, baina bost huts egin zituen. Goikoetxeak 11 tanto eta lau huts egin zituen, eta Urrutia II.ak 15 tanto eta sei huts.

Bigarren partida ezberdina izan zen. Ez zen hain joko ona ikusi eta Segurola eta Zaldua gorriak nagusi izan ziren. 20-14 aurreratu ziren eta 17 tantoko errenta ere izan zuten 37-20koan. Etxarri eta Zubiri zazpi tantora hurbildu ziren 38-31koan, baina 34 tantotan geratu ziren eta puntu bakarra lortu zuten.

Emaitza hauekin, Goikoetxea eta Labaka finalerdietara sailkatuta daude hamabi punturekin, hirutik hiru irabazita. Galdu arren, Urrutia II.ak eta Aizpuru III.ak zortzi puntu dituzte eta laugarren postuan daude, finalerditik oso oso gertu. Segurolak eta Zalduak garaipenarekin 10 puntu dituzte eta finalerdietarako sailkatuta daude ere. Dagoeneko kanporatuta daudenak ordea Etxarri eta Zubiri dira, puntu bakarra lortu baitute.

Oraindik aukera txiki bat geratzen zaio Zaldua IIa-Larrañaga bikoteari, bere bi partidak irabaziz gero eta Urrutiak eta Aizpuruk puntu negatiboa batzen badute bien arteko partidan, sailkatuta egongo lirateke eta.

Otsailaren 11ko jardunaldiko emaitzak:

Zaldua II.a-Larrañaga 29  Goikoetxea V.a-Labaka 40

Mirubia-Martirena 40 Urrutia II.a-Aizpuru III.a 37

Otsailaren 18ko jardunaldiko emaitzak:

Segurola-Zaldua 40 Etxarri-Zubiri  34

Goikoetxea V.a-Labaka 40 Urrutia II.a-Aizpuru III.a 39

Hurrengo jardunaldia, Otsailaren 23an, arratsaldeko 17:00tan Galarreta Jai Alai:

Goikoetxea V.a-Labaka vs. Mirubia-Martirena

Zaldua II.a-Larrañaga vs. Urrutia II.a-Aizpuru III.a