ARGITALPENAK/HERRI KIROLAK

Geure Sport aldizkari digitalaren 7. alea

by | 2020/04/28

Argazkiak: egursport.com

Pasa de urtarrilean, Mungian jokatu ziren emakumeen eta gizonezkoen Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketak. Emakumezkoak, 10 kiloko ingudearekin aritu ziren, minutu eta erdian: Nafarroako Virginia Finol Franco eta Maika Ariztegi Mariezkurrena, Arabako Estibaliz Cidad Trincado eta Bizkaiko Karmele Gisasola Zenikazelaia eta Aiora Otazua Erleaga izan ziren lehiakideak.

Virginia Finol nafarra izan zen irabazlea, aipatu denboran 96 jasoaldi eman zizkiolarik. Bigarrena ere nafarra izan zen, Iturengoa hain zuzen, Maika Aristegi (94 jasoaldi), bi gutxiago. Karmele Gisasola Zelai V.ak osatu zuen podioa 92 jasoaldi eginda, eta atzetik Esti Cidadesek 86 altxaldi burututa, eta azkenak, Aiora Otazuak, 66 jasoaldi eman zituen.

Aurretik, Asteasun lehiatutako Gabonetako emakumezkoen ingude txapelketan ere eskuratu zuen garaipena Virginia Finolek. Orduko hartan, 10 kiloko ingudea, 1.30 denboran nork gehiagotan jaso izan zen burutu beharreko lana. Oso lehia estua egon zen eta azkenik Virginia Finol nagusitu zen 97 jasoaldi eginda. Bigarrena Maika Aritzegi 96 jasoaldirekin eta hirugarren Karmele Gisasola 94 jasoaldiko lana burututa.

Geure Sport aldizkariak, bere azkeneko ale digitalean elkarrizketa egin dio Virginia Finoli:

Virginia Finol venezuelarra da, baina Nafarroan bizi da, eta erabat sartuta dago herri kirol munduan. Crossfit ere egiten du, eta hortik hasi zen probatzen ingude-altxatzea, lehenago, eta harri-jasotzea ondoren. Bi kirol hauekin erabat harrapatuta sentitzen omen da.

Elkarrizketatzaileekin izandako solasaldian, lehenik eta behin, Finolek herri kirolekiko harremana nola hasi zuen jakinarazten du. Bere entrenatzaileak bazeukan harremana herri kirol munduarekin, eta probatzeko gogoa sartu zitzaiola dio, kontutan izanda, crossfiten badagoela ariketa bat ingudearekin tankera baduena.

Euskal Herriko txapela irabazi izanak sekulako poza eman ziola aitortzen du nahiz eta teknika lantzeari denbora gehiago bideratu behar dion onartzen duen. Nafarroako eta Euskadiko Txapelketetaz aparte, Egur Sportek antolatzen duen lehiaketari ere garrantzia ematen dio, Asteasun jokatutako finalean izandako giro ederrak hura ere irabaztera lagundu ziolarik.

Orain, Virginia Finolek harrijasotze lanetan hasia da ere eta ikaragarri gustatu zaio. Aurtengo Euskadiko Nesken Txapelketan parte hartzeko asmoa zuen, baina egungo egoera dela eta zalantzak sortu zaizkio. Batetik, ez dago argi txapelketa jokatu ahalko den eta bestetik hainbeste denbora geldirik egon ta gero maila onean aritzeko behar den entrenamendu kopuru nahikoa burutzeko denbora emango dionik zalantzan duelako.

Beste herri kirolei dagokionez, txinga ere probatu duela adierazten du baina gehiegi ez zaiola gustatu dio. Hori bai, ingudea eta harrijasotzea bai dituela gogoko, eta horietan buru-belarri jarraitzeko asmoa dauka.

Geuresport aldizkariaren edizio digitalaren 7.alea irakurtzeko sakatu HEMEN

Lehenengo alean, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondori,  pasa den martxoaren 7an Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren irabazleei egindako elkarriketatxoa ekarri zuten gurera argitalpenaren egileek.

Bigarren alean, egun berean jokatutako 2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketaren irabazle suertatu zen Xabier Peñarekin elkarrizketa burutu zuten.

Hirugarren alean, Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketaren irabazlea den Irati Astondoarekin solasaldia irakurtzeko aukera eskeini ziguten.

Laugarren alean, Urdax Magunazelaia harrijasotzailearekin elkarrizketa dakarkigute, azkeneko Urrezko Harrijasotze txapelketan txapeldunorde izandakoa.

Bosgarren alean, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Suharri Rodriguez, Urrezko Binakako 23 urtez azpiko txapeldunei elkarrizketa irakurgai.

Seigarren alean, Axel Larrañaga eta Markel Zapiain, Urrezko Binakako 19 urtez azpiko txapeldunei egin diete elkarrizketatxoa aldizkariaren egileek.