“Garrantzitsua, ezinbestekoa eta atzera-bueltarik gabea”

MARTXEL TOLEDO GARMENDIA
ESAITeko KIDE OHIA
naiz.eus


→ MARTXEL TOLEDO GARMENDIA • 2018.12.18 • naiz.eus

“Garrantzitsua, ezinbestekoa eta atzera-bueltarik gabea”

Horrelakoa izan beharko luke asteazkenean Durangon Euskadiko Federazioaren (EFF) Batzarrak euskal selekzioaren ofizialtasuna nazioartean lortzeko UEFA eta FIFAri eskaera egiteko hartu zuen erabakiak. Batetik, garrantzitsua, aldarrikapen gisa euskal jokalariek eta ofizialtasunaren aldeko eragileek, klubek, zaleek…. federazioari aspaldian egindako eskaera hori hainbat urteren ondoren behingoz onartua izan delako. Ezinbestekoa, denok dakigun bezala, ofizialtasuna lortze bidean, lehen urratsa aipatu erakunde horietan euskal futbol federazioa bazkide onartua izatea delako eta jakina, eskatuta ere zaila izango bada, eskatzen ez bada ezinezkoa delako. Eta atzera-bueltarik gabekoa, zeren hainbeste urteren ondoren, oraingoan aurrera egiten ez bada, gure herriaren zati handi batek sostengatzen duen aldarrikapen horren atzean mantentzen den amets hori betirako ezerezean geldituko litzateke, besteak beste, lagunartekoak jokatzen jarraitzearen zentzua, eta abar.

Euskal futbol selekzioak bere bizkarrean 100 urteko historia darama, konbinatu gisa gizonezkoek lehen agerpen ofiziala 1915ean Madrilen Asturiaseko Printzearen Kopan egin zuenetik. Horrela, nortasun ikuspegitik abiatuta, aldarrikapena bera, gerra aurretik zein ondoren hor egon arren, 1979an eta selekzioaren berragerpenarekin indartzen hasi zen; batik bat, euskal kulturarekin lotuta eta Sustraiak antolatuta “Bai euskarari” lelopean San Mamesen Irlandaren aurka eta Atotxan Bulgariaren aurka jokatutako partiduak oso arrakastatsuak izan zirenetik. Aipatu, Euskadiko futbol federazioa sortu eta martxan jarri bitartean (1992), euskal selekzioen partiduak Sustraiak antolatzen zituela eta ondorioz aldarrikapena ere beraiei zegokiela.

Ondoren eta batik bat, ESAITen sorrerarekin, 1995ean, aldarrikapenak nazio ikuspegitik hartu eta selekzioaren ofizialtasunaren beharra ikusten hasten da. Eta hori lortze bidean, aipatutako eragileak EFFra beti eraman duen proposamenetako bat UEFA eta FIFAri eskaera egitea izan da. Baina EFFk azken 20 urte hauetan izan dituen zuzendaritza guztiengandik jaso dugun erantzuna beti berdina edo antzekoa izan da; alegia, ezinezkoa dela nazioarteko erakunde horietara zuzentzea, besteak beste, Espainiako federazioak ez duelako horretarako aukerarik ematen.

Euskal futbol jokalariek ere, ofizialtasuna ardatz hartuta, saiakera franko egin dituzte federazioarekin, baina jaso duten erantzuna berdina edo antzekoa izan dela bistakoa da; alegia, ezinezkoa zela aurrera egitea. Beraz, esan dezakegu hogei urtetik gora daramala orain onartu berri den eskaerak EFFren mahai gainean, aipatu eragileek eginda. Eta galdera hau litzateke: orain EFFn eskaera bideragarria dela ikusten bada, zergatik orain arte ez da onartu saiakera egitea?

Azken urte hauetan euskal selekzioaren etorkizuna jorratu nahian buru-belarri lanean ari den eragilea da EHKirola, eta Durangon hartutako erabakia baloratzeko garaian, hedabide bati egindako adierazpenetan, besteak beste hau dio: «Bozketa hau berandu iritsi da, zeren orain hamabost urte egin izan balute, jokalariek ofizialtasunaren gaia mahai gainean jarri zutenean, beste egoera batean egongo ginateke, nazioarteko testuingurua ezberdina izango litzakeelako». Nik uste dut neurri handi batean arrazoizkoa dela esaten dutena eta EFFren erabaki hau beranduegi datorrela; besteak beste, Gibraltarren eskaera oztopatzeko, Espainiak eskatuta, UEFAk 2001ean bere barne estatutuen 5. artikulua aldatzea erabaki zuenez, Estatu errekonozitua ez garen heinean, nazioartean ofizialtasuna lortu nahi bada, derrigorrez Espainiaren oniritzia behar dugulako. Eta aipatu data horien aurretik, Gibraltarrek egin zuen bezala egin izan bagenu, ofizialtasunari dagokionez, egoera oso ezberdina izango zelako. Baina, tamalez, ez gaude testuinguru horretan eta, ondorioz, dagoenari aurre egitea baino ez zaigu gelditzen, ezin baikara iraganera begira gelditu EHKirolako kideak ondo dioen modura.

EFFri orain bileran erabakitako ebazpena gauzatzea dagokio, eta UEFA eta FIFAri integrazio eskaera bidaltzera behartzen du. Paraleloki, Espainiako Federazioarekin harremanetan jarri behar du, haren bermea behar baitu nazioarteko federazioek eskaera onar dezaten.

Baina antzeman genezakeen modura, dagoeneko Espainiako futbol federazioko presidente Jose Luis Rubialesek esan du EFFk UEFAn eta FIFAn eskubide osoko kide gisa sartzeko eginiko eskaera zentzugabea eta erabat gauzatu ezina dela.

Hori horrela, ofizialtasunaren aldeko partidua hasi baino ez da egin. Hemendik aurrera, EFFko Batzarrak onartutako erabakia instituzioetan, federazioetan, klubetan, zelaietan, harmailetan… zintzoki defenditzea baino ez dagokigu guztioi. Ea ba euskal futbol munduak hartutako erabaki garrantzitsu eta ezinbesteko hau atzera-bueltarik gabekoa izatea lortzen dugun. Ez litzateke seinale txarra izango, egunen batean euskal selekzioaren ofizialtasuna ametsa izatetik errealitate bihurtzeko.

Share This