EUSKAL SELEKZIOA/OFIZIALTASUNA ORAIN

“Garai bateko ilusioa galdu da eta denon artean konponbidea topatu behar dugu”

2022/02/02

Grabatutako mezu baten bidez erantzun digu Athleticeko atzelaria den Mikel Balentziagak (Zumarraga, 1988). Klubari dagokionez zein kirolari gisa une goxoak bizi dituen arren, ez ditu izkutatzen Euskal Selekzioaren egoerak sortzen dizkion kezkak. Iraganean egindako akatsak izendatzen ditu, eta aurrera bidea nola egin ere iritzia ematen du.

Nola ikusten duzu Euskal selekzioaren kontua futbolean?

Azken urte hauetan, bai zaletuen aldetik eta bai jokalarien aldetik zegoen ilusio hori edo argi hori apaldu egin dela esango nuke. Pertsonalki, pena dezente ematen dit.  Ni Euskal selekzioarekin hasi nintzen. Kristoren ilusioa egiten zidan gabonetako partida haiek ikustera joateak. Hasieran familiarekin joaten nintzen, gero lagunekin. Argi dago, gaur egungo  egoera ez dela urte haietakoa, eta pena ematen dit.

Zeintzuk dira, zure ustez, egoera honetan azpimarragarriak iruditzen zaizkizun kontuak?

Behin baino gehiagotan hausnartu dut honi buruz, batzuetan bakarrik baina baita jende gehiagorekin ere. Garbi dago gizartea aldatu egin dela eta batez ere gazteengan Euskal Selekzioaren aldeko ilusioa hura  galdu egin dela. Gizarte mailan, gauzak  ezberdinak direlako izango da, agian.

Niri betidanik partida hori jokatzea  gustatzen zitzaidan, baina Panamako partida hura eta gero, egia esan, jokalarion aldetik behintzat, ilusioa asko galdu zen eta horrekin batera partidak jokatzeko gogoa eta harrotasun hori ere.

Antolakuntza aldetik, errespetuz diot, duen zailtasunaren jabe bainaiz, baina uste dut gauzak ez direla ondoegi egin. Eta horrek ez du laguntzen, ilusioa eta konpromisoa handitzeko. Partida jokatzea gustatzen zaigu, baina gauzak ondo egin behar dira. Sarritan oso berandu iritsi zaigu deialdia, klubek ere oso berandu jakin izan dute… Badakigu aurkaria topatzeak zailtasun handiak dituela… baina gauzak ondo egin behar dira. Jokalarien konbokatoriak ere, ez dira sarritan ondoen egin. Bazirudien, jokalarien gogoaren baitan zegoela konbokatoria, eta hori ez zait oso serioa iruditzen, ez jokalarien aldetik ez antolatzaileen aldetik.

Nik Euskal Selekzioa urtero jokatzen ikusi nahi nuke, eta al bada, urtean hiruzpalau alditan. Euskal Herria nazio txikia izanik, jokalari oso onak izatearen zortea dugu, eta partidak onak ikus genitzake.

Ze aterabide ikusten diozu?

Hasteko,  guk geuk, jokalariak, klubak, federazioak gauza gehiago egin ditzakegu. Nik uste bilera garrantzitsu bat egin beharko litzatekeela. Gutxienez bakoitzak euskal selekzioa noraino eraman nahi dugun jakiteko.

Argi daukat, denon artean hitzegin eta bakoitzaren nahia eta konpromisoa mahai gainean jarri eta gauzak hobeto egin daitezkeela. Berriro diot jokalariok, klubek eta Federazioak bilera bat egitea beharrezko ikusten dut. Horrez gain, nik uste urtero jokatu behar dela gutxienez partida bat eta ahalko balitz hiruzpalau.