HERRI KIROLAK/INGUDEA

Finol eta Etxeberria nagusitu dira Euskal Herriko Ingude Txapelketan

2020/01/21

Argazkiak: egursport.com

Igande honetan jokatu dituzte Mungian emakumeen eta gizonezkoen Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketak, 12:00etan hasitako saioan.

 

Igande eguerdian Mungian, Herriko kalean aurkitzen den probalekuan jokatu ziren ingude txapelketak, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan, eta eguraldia lagun izan zuten kirolari zein ikusleek.

Egin beharreko lana, gizonezkoek 18 kiloko ingudeari eta emakuzkoek hamar kilokoari, minutu eta erdian ahalik eta jasoaldi gehien ematea izan zen.

Gizonezkoak 18 kiloko ingudearekin minutu eta erdian aritu dira: Nafarroako Angel Aristides Albarran Carasa, Bizkaiko Ioritz Pereira Romero eta Beñat Obieta Mintegi eta Gipuzkoako Gorka Etxeberria Ikutza.

Azken urteetan txapeldun izan den Ousmane Drame ez zen agertu eta Gorka Etxeberria oriotarra da txapeldun berria, 87 jasoaldi eginez. Ioritz Pereira bigarren izan zen (85 jasoaldi), Beñat Obieta hirugarren (75 jasoaldi) eta Angel Aristides laugarren (68 jasoaldi).


Emakumezkoak, berriz, 10 kiloko ingudearekin aritu ziren, hauek ere minutu eta erdian: Nafarroako Virginia Finol Franco eta Maika Ariztegi Mariezkurrena, Arabako Estibaliz Cidad Trincado eta Bizkaiko Karmele Gisasola Zenikazelaia eta Aiora Otazua Erleaga aritu dira.

Lan bikaina eginez, aurreko markak ondu ziren. Irabazleak, Virginia Finol nafarrak, aipatu denboran 96 jasoaldi eman zizkion. Bigarrena ere nafarra izan zen, Iturengoa hain zuzen, Maika Aristegi (94 jasoaldi), bi gutxiago. Karmele Gisasola Zelai V.ak osatu zuen podioa 92 jasoaldi eginda, eta atzetik Esti Cidadesek 86 altxaldi burututa, eta azkenak, Aiora Otazuak, 66 jasoaldi eman zituen.

Duela gutxi Asteasun lehiatutako Gabonetako emakumezkoen ingude txapelketan ere eskuratu zuen garaipena Virginia Finolek. Orduko hartan, 10 kiloko ingudea, 1.30 denboran nork gehiagotan jaso izan zen burutu beharreko lana. Oso lehia estua egon zen eta azkenik Virginia Finol nagusitu zen 97 jasoaldi eginda. Bigarrena Maika Aritzegi 96 jasoaldirekin eta hirugarren Karmele Gisasola 94 jasoaldiko lana burututa.

 

Audioa eitb.eus. Gorka Etxeberria txapelduna: ‘Oso lehia estua izan da’.