HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Euskal taldeek bost domina irabazi dituzte munduko txapelketako lehenengo egunean

by | 2020/02/21

Argazkiak: egursport.com

2020ko Munduko Goma Gaineko (Indoor) Txapelketa lehiatzen ari dira iganderarte, Irlandako Letterkenny herrian

 

Pilota bezala, oso errotuta dago Euskal Herrian baina mundu osoan hedatua dago sokatira. Tug of war (guda-soka) deitzen diote ingelesez; tiro alla fune italieraz; tsunahiki japonieraz edo juldarigi korearrez. Ostegunetik iganderarte, euskal herri osoko taldeak eta haiek osatutako euskal selekzioa arituko dira ahalik eta domina gehien lortzeko lehian.

Kluben arteko txapelketaren saioak ostegun eta ostiralean dira eta larunbatean eta igandean jokatuko dituzte nazioen arteko kategoriak. Tiraldi guztiak Letterkennyko Aura Leisure Centre kirol instalazioan egingo dituzte.

Atzo, osteguna 20, izan zen txapelketaren lehenengo jardunaldia eta euskal taldeek guztira bost domina irabazi zituzten: goizean, emakumezkoen 540 kilotan urrezko domina Jon Lapazaranek zuzentzen duen Gasteizeko Badaiotz taldeak eskuratu zuen, zilarra Beti Gazterentzat izan zen eta brontzea desenpatea egin ondoren, Laukizko Gaztedik irabazi zuen. Arratsaldean berriz, Beti Gaztek 580 kiloko kategoria mistoan zilarrezko domina eta Ibarrak brontzea gizonezkoen 560 kilokoan.

Esan bezala, lehen egun ezin hobea izan dute euskal taldeek goma gaineko munduko txapelketan, izan ere, bost domina lortu dituzte lau talderen artean: urrezko bat (Badaiotzek), bi zilarrezko (Beti Gaztek) eta bi brontzezko (Gaztedik eta Ibarrak).

Goizeko proban, emakumezkoen 540 kiloko finala Badaiotzek eta Beti Gaztek jokatu dute elkarren aurka, eta arabarrek irabazi dute urrea. Bizkaiko Gaztedik borobildu du podiuma, brontzezko dominarako lehian Herbehereetako Monickendami irabazita. Gizonezkoen 680 kilotan Zuraidek ez zuen zorte handirik izan. Urrea Cockhnillek, zilarra Muninchnillek eta brontzea Mountain Viewek.

Arratsaldean, Beti Gaztek zilarrezko domina irabazi zuen 580 kiloko mistoan, finalean Monickendamen aurka galduta (Zuraide lapurtarrak laugarren postuan geratu ziren, domina lortzetik oso gertu baina azkenean Lagerwej holandarrarentzat izan zen).

Halaber, gizonezkoen 560 kilokoan, Ibarrak eta Gaztedik finalerdiak galdu zituzten, eta elkarren aurka lehiatu ziren brontzea lortzeko, gipuzkoarrek irabazi zutelarik. Irlandako bi taldek eskuratu zuten urrea eta zilarra eta brontzearen jabe Ibarra egin zen eta laugarren Gaztedi.


Txina gabeko txapelketa izango da honakoa, koronabirusa dela-eta ezin baitira Irlandan izan. Asiako talde gutxiago daude, eta Europako gehiago; osotara, 39. Irlandako errepublika, Ipar Irlanda, Herbehereak, Alemania, Italia, Japonia, Taiwan, Letonia, Ukraina, Errusia, Ingalaterra eta Eskoziako taldeak eta selekzioak izanen dituzte aurkari euskaldunek.

Gaur jokatuko dute taldeen arteko azken eguna. 09:30an izango dira gizonezkoen 640 kiloko proba eta gizonezkoen eta emakumezkoen 23 urtez azpikoenak; 13:30an, berriz, gizonezkoen 600 kilokoa eta emakumezkoen 500 kilokoa. Etzi eta etzidamu, herrialdeka jokatuko dute txapelketa.

Nazioen arteko txapelketa larunbatetik aurrera

Duela bi urte Txinan jokatutako munduko txapelketan, euskal taldeek inoiz baino domina gehiago irabazi zituzten goma gainean. Hamasei eskuratu zituzten denera: bi urrezko, zazpi zilarrezko eta beste zazpi brontzezko. 2014tik, ofizialtasuna lortu zuenetik, berriz, selekzioak ez du urrezko dominarik irabazi goma gainean. eta hori da aurtengo erronka nagusiena.

Selekzioa ordezkatuz, Euskal Herriko txapeldun izandako taldeak ariko dira, baina, 680 kilokoan eta 23 urtez azpikoetan, talde guztietako sokatiralaririk hoberenekin osatu dira taldeak.

Basque Countryk hamar pisutan parte hartuko du. Larunbatean,  seniorren lau kategoria lehiatuko dituzte. Goizean 680 kilotan ariko dira gizonezkoak eta 540 kilotan emakumezkoak. Arratsaldean, berriz, 560an lehiatuko dira gizonezkoak eta talde mistoa 580an ariko da. Igande goizean, gizonezko seniorren taldea 640an lehiatuko da eta 23 urtez azpikoen gizonezkoena 600 kilotan. Arratsaldean 600 kiloko saioa edukiko du gizonezkoen senior taldeak eta 500ekoa maila bereko emakumezkoenak. Dena den, 560 kiloko 23 urtez azpiko mistoa eta 500 kiloko 23 urtez azpiko emakumeen kategoriak erakustaldi gisa lehiatuko dira azkenean, bakarrik Euskal herriak eta Errusiak aurkeztu dituztelako taldeak.

Hamabi selekziok lehiatuko dute txapelketa. Euskal Herrikoaz gain, Irlanda, Ipar Irlanda, Alemania, Ingalaterra, Taiwan, Eskozia, Errusia, Herbehereak, Japonia, Italia eta Nigeria ariko dira txapelketan.

Gogoratu behar da Irlandan jokatuko den Mundu Txapelketa goma gainekoa dela (Indoor) eta lur gaineko (Outdoor) aurtengo Mundiala irailaren 14tik 20ra Euskal Herrian lehiatuko dela, Getxon (Faduran) hain zuzen ere.