FUTBOLA/EUSKAL SELEKZIOA

Euskal Selekzioa – Costa Rica, azaroaren 16an Ipuruan

by | 2020/10/29

Euskal Selekzioak Costa Ricako selekzio nazionalaren aurka jokatuko du azaroaren 16an, astelehena, Ipuruan, 20:45etik aurrera. Ikuslerik gabe edo edukiera txikiarekin jokatuko da, osasun egoeraren arabera.

UEFAn sartzeko eskabidea egiteko ordua da orain.

FIFA egutegiaren barruan jokatuko da Euskal Selekzioaren eta Costa Ricako selekzioaren arteko partida. Euskal Selekzioak FIFA datan jokatzen duen hirugarren partida izango da, Venezuelaren (2018) eta Panamaren (2019) aurka jokatutakoen ostean. Maila handiko selekzioen aurka lehiatzen jarraitzeak eta FIFA datetan egiteak aukera emango dio Euskal Selekzioari partida garrantzitsuak jokatzeko bere zaleen aurrean, behin nazioarteko futbola normaltasunera itzultzean. Euskadiko Futbol Federazioak azpimarratu duenez, “maila handiko selekzioen aurka lehiatzen jarraitzeak eta FIFA datetan egiteak aukera emango dio Euskal Selekzioari partida garrantzitsuak jokatzeko bere zaleen aurrean, behin nazioarteko futbola normaltasunera itzultzean”.

Costa Rica Europara etorriko da hemengo ligetan ari diren bere jokalaririk onenak kontzentratzeko helburuarekin. Lehenengo, kontzentrazio bat egingo du Austrian eta Qatarreko selekzioaren aurka jokatuko du, eta ondoren bere jokalaririk onenekin Euskal Selekzioaren aurka arituko da Euskal Herrian.

Badago urte hasieratik lantalde bat Euskal Selekzioaren norabidea bideratzeko asmoarekin. Talde horretan dira Euskadiko Futbol Federazioa, Eusko Jaurlaritza, EAEko Lehen Mailako klubak eta jokalariak. Azaroko FIFA leihoan Costa Ricaren aurka jokatzeko erabakia, Euskadiko Futbol Federazioak adierazi duenez, “dinamika berri horretan parte hartzen duten alderdi guztien artean adostutako erabaki baten emaitza da”.

Pendiente gelditzen da UEFAn sartzeko eskabidea

Euskal Herria Kirola Elkartearen aldetik, ikusten dugu Euskal Selekzioaren norabidea bideratzeko lantalde bat osatu izana aurrerapausoa dela, Euskal Selekzioak nazioarteko partidak FIFA datetan jokatzea eman beharreko urratsa dela, baina ezinbesteko urrats bat eman gabe jarraitzen du: UEFAn sartzeko eskabidea.

Izan ere, egoera onean gaude ofizialtasuna eskuratzeko bidean aurrera egiteko. Badira akordio politikoak ere… baina oraindik bete gabe dago 2018. urteko abenduaren 12an Euskadiko Futbol Federakundearen Batzar Nagusiak hartutako erabakia, hau da, Euskaldiko Futbol Federazioa UEFAn sartzeko eskabidea egitea.

Hile honetan bertan jendaurrean zabaldu dugu Euskadiko Futbol Federakundeari behin eta berriro egin diegun eskaera hori. Eta orain horixe azpimarratu nahi dugu berriro ere: UEFAn sartzeko eskabidea egiteko ordua da.

… … …

Euskadiko Futbol Federakundeko Presidente Luis Mari Elustondo jaunari

Euskadiko Futbol Federazioari eskatzen diogu bete dezala 2018. urteko abenduaren 12an Batzar Nagusiak hartutako erabakia, hau da, eskabidea egin dezala Euskaldiko Futbol Federazioa UEFAn sartzeko, eta urratsatk eman ditzala Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzeko.

Euskadiko Futbol Federakundea Euskadiko futbola ordezkatzen duen erakundea izanik, eta Federakundeko presidente Luis Mari Elustondo jaunak Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde duen konpromiso pertsonala jakinik, EUSKAL HERRIA KIROLAK hau adierazi nahi du:

– Oraindik ez da gauzatu Euskadiko Futbol Federakundearen Batzar Nagusiak 2018ko abenduaren 12an UEFAn eskubide osoko kide gisa sartzeko eskaera egiteko hartutako erabakia.

– Federakundeko presidenteak nahitaez bete behar du Batzar Nagusiaren erabakia. Eta hartutako erabaki hori, hain zuzen, ezinbestekoa da (nahikoa izan ez arren) Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aitortzan aurrera egiteko.

Hori dela eta, Euskadiko Futbol Federakundeari eta, zehazki, haren Presidente Luis Mari Elustondo jaunari eskatzen diogu bete dezala ofizialtasuna eskatzeko ezinbesteko baldintza hori eta egin dezala UEFAn sartzeko eskabidea.

Euskal Herria Kirola
Iruñean, 2020ko urriaren 15a