PADEL

Euskal Padel Selekzioa Europako Txapelketan arituko da

2021/09/25

Argazkiak: Euskal Padel Federazioa

Datorren urriaren 4tik 9ra bitartean, Bizkaiak Europako Padel Txapelketa hartuko du, Federation of European Padel (FEPA) erakundeak antolatuta, Euskadiko Padel Federazioarekin (FVP-EPF) lankidetzan, 14 herrialdetako ordezkariek hartuko dutelarik parte: Euskal selekzioaz gain, Alemania, Italia, Errusia, Portugal edota Danimarka bezalako selekzioak. Ez, ordea, Espainiakoa, ez baitu txapelketa hau babesten.

Bizkaiko zazpi herritako zazpi klubetan egongo dira partidak eta Bizkaia frontoian jokatuko dira finalerdiak eta finalak. Guztira 300 padel partida baino gehiago jokatuko dira: gizonezkoen Europako 14 selekzio eta emakumezkoen 9 lehiatuko baitira. Binakako Europako Txapelketa ere jokatuko da, gizonezkoen 60 bikoterekin eta emakumezkoen 36 bikoterekin.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok parte hartu du txapelketaren aurkezpenean, eta bere hitzaldian  euskal selekzioa txapelketa honetan ofizialki lehiatzearen garrantzia azpimarratu du, eta gogoratu du hilabete bateko epean nazioarteko hiru txapelketa egingo direla Euskadin, non euskal selekzioa modu ofizialean lehiatu den (padel, sokatira eta kayak surf). Gainera, Euskadik maila goreneko nazioarteko txapelketak antolatzeko duen gaitasuna erakusten ari dela azpimarratu du.

Jorge Peñin EAEko Padel Federazioko presidenteak adierazi duenez, kirol ekitaldi hau plataforma bikaina izango da euskal jokalariak kontinenteko onenekin neurtzeko. Bestalde, Alfredo Ruiz de Azua Bizkaiko Padel Federazioko presidenteak adierazi duenez, txapelketa Euskadik eta Bizkaiak padelaren munduan duten izaera aitzindariarentzako sari bat ere bada, izan ere, Bizkaiko Federazioa, Julio Alegria enpresaburu eta sustatzailearen eskutik, ofizialki aintzatetsitako lehen padel federazioa izan zen, eta bertatik Julio Alegriak kirol honetako nazioarteko lehen erakundeak ere bultzatu zituen.

Eneko Bidegain: “Futbola politika da”

Eneko Bidegain: “Futbola politika da”

“Frantziak Munduko Futbol kopako finala jokatzeak –eta irabazteak– karga politiko handia du. Ez gara kirolaz ari. Politika da, eta politika bakarrik. Kirolaren mozorro azpian eta jokoaren aitzakian, Frantziak sekulako gola sartu digu euskaldunoi”