MENDI LASTERKETAK

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren lehen proba bertan behera geratu da

2020/09/02

Igantzin egitekoa zen mendi duatloi zirkuituko lehen proba bertan behera geratu da

 

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren lehenbiziko etapa Igantzin egitekoa zen larunbat honetan, irailak 5, baina koronabirusa dela eta, hitzordua bertan behera uztea erabaki dute.

Ekainaren amaieran, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren egutegia argitara eman zuten. Asteak ziren aurtengo zirkuituko behin behineko egutegia prest zegoela baina Covid19 gaitzak sorturiko ziurgabetasuna medio, dexente itxoin egin behar izan zuten publiko egin arte.

Une horretan antolakuntzak nabarmendu zuenez, azkeneko garaietan jasotako instrukzioek baikorrak izateko bidea ematen zieten eta beraz itxaropenez begiratzen zioten etorkizunari.

Beraz, aurreikusitakoaren arabera, kirolariek lehendabiziko hitzordua irailaren 5ean izan behar zuten Igantzin. Geroago, Nafarroatik Gipuzkoara salto eman eta irailaren 12an Igartzan egitekoa zen lasterketa. Urduñan (Araba) eta Arriaranen (Gipuzkoa) lehiatuko ziren hurrengo probak, irailaren 19 eta 26an, hurrenez hurren.

Eta behin iraila pasata, urrian beste bost hitzordu zeuden aurreikusita: Zegama-Aizkorrin hilaren 3an, Ibarran 10ean, Arespalditzan 17an, Amasan 24an eta Zeanurin 31n. Azaroan Adunan lehiatu beharreko probaren data ez zuten jakitera eman, egutegia zabalik zegoelako eta beste probaren bat sartuko balitz data aldatu beharko litzatekeelako, zehaztuta baitago Adunakoa zirkuituko azken proba izango dela.

Duela hilabete, jarraitu beharreko protokoloaren zirriborroa plazaratu zuten eta handik aurrera zehaztu eta eguneratu egin dituzte hartu beharreko neurrien zerrenda. Besteak beste, honakoak:

– Kobid-19aren aurkako protokoloa zorrotz jarraitu beharko da eta hau betetzen ez duen parte-hartzailea probatik kaleratzeko boterea izango du lekuko antolakuntzak.
– Izen-emate guztiak on-line egingo dira KIROLPROBAK webgunean. Proba egunean, lekua egongo balitz, izen-ematea gauzatzea aztertuko da, beti ere modu telematikoan.
– Prebentzio neurriei aurre egiteko gastu extra batzuk izango direnez, inskripzioak 15€tik 20€ra igotzea erabaki da eta bikoteetan 25€tik 30€ra.
– Anoa posturik ez da izango ibilbidean zehar, amaieran bai. Bero handia eginez gero ura jartzea baloratuko da.
– Jende pilaketa saihesteko proba amaierako festarik ez da egingo. Aurten, kirola eta osasuna lehenetsiko dira festaren gainetik.
– Zirkuituko behin behineko sailkapen orokorrak egingo badira ere, burutuko diren proben arabera, 2020ko EHMDZko txapeldunak izendatu ala ez baloratuko da.

Hala ere, pandemiaren bilakaera ankerra ikusita, protokolo hau ez da nahikoa izan eta esan bezala, Euskal Herriko Zirkuituko aurreneko proba, Igantzikoa, bertan behera geratu da. Zirkuituko gainontzeko probei dagokionean, egoeraren arabera erabakiko dute jokatuko diren ala ez, proba jokatzeko bi aste falta direnean iragarriko dutelarik izen-emateak zabaltzen diren ala bertan behera gelditzen den.

Igantziko probaren ezaugarriak (5,4km + 13,5km + 3,1km):
1. Sektorea: 5,41km-ko mendi lasterketa,2. Sektorea: 13,36 km mendi bizikletaz,3. Sektorea: 3,15 km-ko mendi lasterketa

Igantziko probaren iazko edizioa

Joan den urtean egin zuten lehenbiziko aldiz mendi duatloi proba Igantzin. Banaka 47 lagunek osatu zuten ibilbidea: 4,3 kilometro laster egin ondotik, 18 kilometro bizikletaz eta bertze 4,3 lasterka egin zituzten parte-hartzaileek eta guztietan bizkorrenak Eneko Gurrutxaga (01:40:07) eta Maria Gomez (02:16:31) izan ziren.

Erreleboka, berriz, guztira 32 bikotek egin zuten proba. Axier Aburuza eta Enaitz Roteta izan ziren bizienak (01:36:22).  Juan Mari Indakoetxea eta Aitor Begino sailkatu ziren bigarren (01:42:35) eta Xabier Irazoki eta Iñigo Arrieta hirugarren (01:46:25).