MENDI LASTERKETAK

Euskal Herria Mendi Erronka bertan behera utzi dute

by | 2021/01/22

Ekainaren 5ean egitekoa zen Leitzako mendi lasterketa ezaguna, baina pandemiaren bilakaera desegokia dela eta bertan behera uztea erabaki dute eta dagoeneko 2022ra begira jarri dira antolatzaileak.

Egoera gogorra bezain xelebrea pairatzen ari gara azken hilabete luzeotan, erronka osatzen duten paisaiak bezain gorabeheratsua. Honek guztiak ondorio zuzenak izan ditu ofizialtasuna, euskara eta auzolana bezalako balioak aldarrikatzeko erabiltzen duten lasterketa ezagunean.

Pasa den urtean, pandemiak gustukoak ez zituzten erabaki batzuk hartzera behartu zituela adierazi dute EHME lasterketaren antolakuntza taldeko kideek, eta tamalez  aurten ere antzeko egoerarekin topatu dira.

Honen ondorioz, COVID-19 birusak eragindako ez-ohiko egoerak oraindik jarraitzen duela ikusita, 2021. urteko lasterketa ere bertan behera uztea erabaki dute. Antolakuntzako kideentzat ezinbestekoa zaie korrikalarien, bolondresen eta animatzera hurbiltzen diren ikusle guztien segurtasuna bermatzea eta auzolana oinarri handienetakoa denez, erabaki aproposena dela uste dute antolakuntza lanen arduradunek.

Hala ere, erronkarekin jarraitzeko asmoa berretsi dute eta gauzak ondo bidean, 2022. urtean bueltan izango da Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa.

Euskal Herria Mendi Erronka (EHME) kirol ekitaldi hutsaz gain, aldarrikapena ere oinarrian daraman lasterketa da, izan ere, mendi lasterketa eta euskal mendizaletasuna sustatzeaz gain, euskal selekzioen ofizialtasuna, Mendialdea-Aralarko inguruaren garapena (Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Leitzaldea), euskararen sustapena, lurraldetasuna edo ingurugiroaren babesean eragitea ere hasieratik ezarritako “erronkak” bihurtu ziren.

EH Mendi erronkaren errekorrak:
67km gizon: Daniel Agirre (2015) > 6:42:59
67km emakume: Oihana Kortazar (2016) > 7:55:02
KB gizon: Iker Karrera (2015) > 0:43:25
KB emakume: Izaskun Zubizarreta (2015) > 0:49:49
Erreleboetako lasterketa (2019): Garazi Artola eta Ibai Madina > 7:10:26