ESKUBALOIA

Europako EHL Cup txapelketa berrian eman du izena Bera Berak

by | 2020/07/15

Argazkiak: berabera.com

Covid19 gaitzak eragindako egoeraren ondorioz, eskubaloi txapelketa eten egin zen Espainiar estatuan, Super Amara Bera Bera lidergoan zegoela, eta geroago lehiaketa amaitutzat emateko erabakia hartu zenean txapeldun bezala amaitu zuen denboraldia talde donostiarrak.

Orain, Ohorezko Maila Ligako txapeldun gisa, SUPER AMARA Bera Berak 2020-21 denboraldirako EHF Cupen ordez prestatu den EHL (European Handball League) txapelketa berrian parte hartzeko izena eman du.

Partehartzaileen zerrenda definitiboa eta lehiaketaren egitura zehatza uztailaren 21ean emango dituzte jakitera, aurreneko kanporaketaren zozketa hilaren 28an burutuko dutelarik Vienan.

Aldaketa hauek medio, donostiarrek ezin izan dute Txapeldunen ligan izena eman, sailkatze faseak ezabatu dituelako EHFk eta honen ondorioz, 15.000 euroko bermea ordainduta, emakumeen kluben bigarren lehiaketa nagusian parte hartuko du Bera Berak. 

Beraz, European Handball League berriak ez du Txapeldunen ligarekin loturarik izango. Aurreneko edizioetan multzoen fasean laugarren gelditzen zen taldeak EHF Cupeko multzoen fasera egiten zuen salto baina Europako Federazioak itxi du bide hori orain, eta hemendik aurrera lehiaketa biak guztiz independienteak izango dira.

Halere, oso maila altuko txapelketa izango da, donostiarren aurka lehiatuko diren taldeen artean honakoak egongo direlarik: Hungariako Siofok, DVSC Schaeffler taldea, Lada, Astrahanochka eta Zvenigorod errusiarrak, eta Baia Mare eta Buzau errumaniarrak. Frantziatik Fleury eta Nantes, Viborg eta Copenhagen daniarrak, Alemaniako TuS Metzingen, HSG Blomberg-Lippe eta Thuringer, Norvegiako Storhamar, Byåsen eta Tertnes eta Suediatik 65 Hoor eta Skuru taldeak.

Ondorioz, txapelketa zinez lehiatua ikusiko dugu eta SUPER AMARA Bera Beraren helburua urtarrilean hasiko den multzoen faserako sailkapena lortzea izango da, horretarako aurretik hiru kanporaketa gainditu beharko dituelarik, irailean, urrian eta azaroan, joan-etorrian sistema ospatuko direnak.

KIROLA ETA EUSKARA