EUSKAL KIROLA

Eta kirolean zer? EAJ-PNVren erantzunak

by | 2020/07/01

Hauteskundeak ate joka ditugula, alderdi politikoei ezinbesteko galdera luzatu diegu… «Eta kirolean zer?»

Hona hemen EAJ-PNVren erantzunak.

 

Uztailaren 12an Erkidegoko hiritarrok Eusko Legebiltzarrerako biltzarkideak hautatu ahal izango  ditugu. Eta dagoeneko hasia da hauteskunde kanpaina.

Euskal Herria Kirolean garrantzitsua iruditu zaigu aurkezten diren alderdiek jarduera fisikoaz eta kirolaz zer dioten aurrez jakitea.

Eta honen karira, galdetegi bat luzatu diegu alderdi guztiei euren iritzia finkatzeko asmoz, gaurkoan EAJk helarazitako erantzunak zuenganatzen ditugularik.

1.-Legegintzaldi berrian zure alderdiak zein neurri lehenetsiko ditu jarduera fisikoa sustatzeko?

Bi aipatzearren: batetik, euskal gizartea Europan jarduera fisiko gehien egiten duena izatea lortzea, eta, bestetik, Euskadiko kirol eta jarduera fisikoaren panoraman benetako berdintasun eraginkorra lortzea.

2.-Legegintzaldi berrian zure alderdiak zein neurri lehenetsiko ditu kirol alorrean?

Lehenik, asmoa da kirola Euskadiren marka izatea munduan ezagutzera emateko. Halaber, gizartea kohesionatuko duen kirola lortzea, partaidetza, etika, euskararen erabilera, berdintasuna, balioetan oinarritutakoa eta integratzailea sustatuko duena.

3.-Legebiltzarraren zeregin nagusienetakoa legea egitea izanik ze iritzi du zure alderdiak kirol arloan bai erkidego mailan bai estatukoan indarrean dauden legeei buruz? Aldaketarik proposatuko dituzue?

Legealdi honetako lege egutegian hiru lege zeuden kirol sektorearen inguruan. Lehena Dopinaren aurkako legea zen, bigarrena Kirol Lanbideen legea eta hirugarrena Jarduera fisikoaren eta Kirolaren lege berria.

Dopinaren aurkako legea onartua izan zen eta orain hurrengo legealdiari dagokionez Lanbideen legea eta Jarduera fisikoaren eta Kirolaren legeak onartu beharko lirateke parlamentuan.

4.-Legegintzaldi berrian zure alderdia euskal selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzearen aldekoa da? Eta hala balitz zein urrats emateko prest dago?

Bai. Nazioarteko kirol-federazioen azterketa bat egin da, eta haien estatutuetan txertatuko litzateke euskal kirol-federazioak nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aurretiazko baldintza gisa sartzea. Bat etor litezkeenetan, Eusko Jaurlaritzak horiek txertatzeko izapideak hasi ditu. Bide horri helduko diogu, euskal federazioen eskutik.

5.-Zure alderdiak ze iritzi du indarrean dauden kirol egiturei buruz? Federazioak, klubak, bakoitzaren funtzioaz eta harremanaz?

Egia da gure kirol egitura oso haundia dela eta batzuetan atomizazio asko dagoela, klubetan adibidez eta baita federazioetan ere, kontutan izanik Euskal Autonomi Erkidegoan ia 200 federazio ditugula denera.  Atomizazio honen arazoetako bat erakundeak behar adina indar eta estruktura ez izatea da eta uste dugu kirol estruktura indartsuagoak eta profesionalizatuagoak behar ditugula.

6.-Zure alderdiak zein politika ezarriko ditu aukera berdintasunetik, kolektibo zaurgarrienei begira?

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza berdintasun-politiketan lanean ari da duela 10 urte baino gehiagotik. Azken urteotan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan bat egin da legegintzaldirako, bai eta urteko jarduera-plan bat ere.

2018an, Basque Team-ekin batera, Zure Taldekoak Gara zerbitzua jarri zen martxan, sexu-jazarpena, sexu-abusua eta sexuan oinarritutako jazarpena jasaten dituzten pertsonentzako arreta zerbitzua. Zerbitzu horrek gaur egun ere harrera ona izaten jarraitzen du.

Gainera, berdintasunaren gaia lantzen da, bai Zuzendaritzaren eta Basque Team erakundearen barruan, bai kanpora begira, prestakuntza eta aholkularitza eskainiz eta berdintasun-politikak bultzatuz federazioen esparruan.

7.-2020an Jaurlaritzako kirol zuzendaritzak, 8.990.108 milioi euro bideratu ditu jarduera fisiko eta kirol eremura. Ze balorazio egiten duzue honetaz?

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak ahalik eta etekin handiena atera dio bere aurrekontuari: prestakuntza, diru-laguntza, ikasketa eta hitzarmen-jarduerak egin ditu, jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeko, eta euskal kirol-federazioak eta Euskal Kirol Federazioen Batasuna aktibatu ditu, haiei egindako ekarpenak errentagarri egiteko.