EUSKAL PILOTA

Erlantz Garciaren taldeak jantzi ditu Plazandreak saioko txapelak

2021/08/03

Amaia Aldai bikain batek gidatuta, Erlantz Garciaren taldeak jantzi ditu Plazandreak saioko txapelak

 

Erlantz Garciaren taldeak irabazi ditu Plazandreak txapelketaren bigarren edizioko txapelak, finalean iazko titulua berretsi ezin izan duen Reyes Azkoitiaren taldea 3-0 gaindituta. Momentuko espezialistarik onenak promesa gazteekin konbinatzea izan da taldekako txapelketa honen bigarren edizio honetako helburu nagusia, baina, Leire Garai eta Uxue Osesen lana alde batera utzi gabe, Amaia Aldai izan da euren taldearen garaipenaren eragile nagusia, ez bakarrik gaurko finalean lortutako bi garaipenekin, baizik eta txapelketan zehar,finalean sartzeko erabakigarria suertatu zen Olatz Arrizabalagari ligaxkan lortutako garaipenarekin esaterako, lortutako puntuengatik. Osasun-egoeragatik egoera ezin hobea izan ez bada ere, formatu berritzaile horren aldeko apustua arrakastatsua izan da, gaurko finalean 245 lagun bildu dira Zornotzako pilotalekuan, batez ere, emakumeen esku pilota bezalako modalitate bat erakusleihoan jartzeagatik. Gure kirola aurrerapauso handiak ematen ari da, eta, dirudienez, etorkizuna bermatuta dauka, gazteenek aukera bat eskaini zaienean erakutsitako indarra eta ilusioa ikusita.

Finalari hasiera emateko, Reyes Azkoitiak Mirian Arraiza antiguatarraren aldeko apustua egin du, eta Erlantz Garciak indartsu ekin dio, bere pilotaririk onena kantxaratuz. Eta Dimakoak bere boterearen erakustaldi berri bat eman du 6-12 irabaziz, sakea argudio nagusi zuelarik. Izan ere, bizkaitarrak hasierako pilotakadarekin 7 tanto lortu ditu, eta gainera Arraizak bi falta ere egin ditu, hau da, Aldairen 12 tantoetatik 9 jokaldi honetatik heldu dira, 21 minutu eta 70 pilotakada izan dituen partidan.

Eta bigarren partidan ere arratiarra erabakigarria izan da bere eskuin indartsuarekin. Erlantz Garciak Uxue Oses oñatiar gaztea jarri dio lagun, eta 5-12 irabazi diete Larrarte-Bergara bikote gipuzkoarrari. Beste behin, sakea Aldairen argudio sendoenetako bat izan da eta beste bost tanto egin ditu hasierako pilotakadarekin. Hori bai, bigarren partida hau askoz ere ikusgarriagoa eta piloteatuagoa (189) izan da. Erlantz Garciaren neskek uneoro markagailuan aurretik joan diren, Reyes Azkoitiaren pilotariek partidaren lehen zatian eutsi egin diote lehiari, 4-5era arte, hain zuzen ere. Une horretan, Amaia Aldaik bikotearen pisua bere bizkarrera bota du, eta partidarako ez ezik, txapelketarako erabakigarria izan den aldea hartu dute 6-0 eko partzial batekin.

Eta dena erabakita, kaiolako azken partidan Miren Larrarte Reyes Azkoitiaren ohorea salbatzen saiatu da, baina Leire Garai gasteiztarra ez zegoen horretarako prest eta 6-12 gailendu da, bere taldearen garaipen eztabaidaezina biribilduz.

Emaitzak:

Arraiza 6 vs Aldai 12

Larrarte-Bergara 5 vs Alday-Osés 12

Miren Larrarte 6 vs Leire Garai 12