EUSKAL PILOTA

Emakumeen I. Pilota Masterreko lehen jardunaldia jokatu zen igandean

2021/07/28

Argazkiak: Gasteizko Udala

Emakumeen I. Masters Gasteiz pilota txapelketa uztailaren 25ean eta abuztuaren 5ean eta 8an lehiatuko da, esku pilota eta goma-paleta modalitateen hiru saio izango direlarik Mendizorrotzeko Ogeta pilotalekuan.

Esku pilota eta goma-paleta modalitateetan erreferente diren emakume kirolari nagusietako batzuk bilduko ditu txapelketak, honakoak izango direlarik parte hartuko duten hamasei pilotariak: Haizea Salanueva, Irati Ruiz de Azua, Uxue Agirresarobe, Ariane Arrieta, Miren Larrarte, Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga, Naroa Agirre, Ane Isasmendi, Itxaso Erasun, Ane Ibañez, Laura Saez, Iera Agirre, Olatz Ruiz de Larramendi, Leire Garai eta Nora Mendizabal.

Esan bezala, txapelketa hiru jardunalditan jokatuko da: bi finalerdi eta final handia. Finalerdietako lehena, palako pilota trinkoaren espezialitateari dagokiona pasa den igandean jokatu zen, uztailaren 25ean. Beste finalerdia, ukitu erdiko pilotarena, abuztuaren 5ean izango da. Azkenik, bi diziplinetako finalak abuztuaren 8an izango dira. Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Ogeta pilotalekuan.

Igandeko finalerdikoei dagokionez, Haizea Salanueva-Irati Ruiz de Azua eta Ane Ibañez–Saez Arzamendi bikoteak nagusitu ziren, gomazko paleta modalitatean.

Aurreneko norgehiagokan,  Salanueva eta Ruiz de Azuak  30-21 irabazi zieten Torres eta Arrietari baina partida ez zen amaierara arte erabaki. Haizeak ez zuen jokoan nagusitzea lortu eta Ruiz de Azuak opari batzuk egin zituen eta aurkarietan berriz, Arrieta piloteoan ederki aritu zen eta bere aurrelari gazteak (azken orduan Uxue Agirresaroberen ordez jokatu zuena) ere maila polita erakutsi zuen. Hala ere, lehiaren azken txanpan garaileak berpiztu egin ziren eta horrenbestez finalerako txartela eskuratu zuten.

Bigarren finalerdian aldiz, aurrekoan baino oreka haundiagoa egon zen baina honakoan urdinak (Ane Ibañez eta Laura Saez) izan ziren partiduaren agintea eraman zutenak. Ane Isasmendi gogotik saiatu zen baina errematatzeko garaian nahi baino hutsegite gehiago egin zituen eta ondorioz urdinen alde joan zen uneoro markagailua, azkenean 27-30 irabazi zutelarik.  

Emaitzak:

Salanueva-Ruiz de Azua   30  Torres-Arrieta  21

Isasmendi-Erasun   27  Ibañez-Saez   30