EUSKAL PILOTA

Emakume Master CUP txapelketaren itzulerako datak ezarri dituzte

by | 2020/05/30

Falta diren finalerdiak ekainaren 26an jokatuko dira Elgoibarren eta finalak ekainaren 29an Irunen

 

Covid19 gaitzak sorturiko pandemiak etenaldia eragin zuenean, Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako azken lau partida erabakiorrak jokatu gabe geratu ziren eta ordutik data berrien bila ibili dira antolakuntzako kideak lehiaketa amaitu ahal izateko.

Berriki ordea, txapelketari berrekiteko egunak zehaztu dira eta azkenean pilota goxua erabiltzen den modalitateko finalerdiak Elgoibarren lehiatuko dira ekainaren 26an, bi egun geroxeago, ekainaren 28an, finalak jokatuko direlarik Irungo frontoian.

Hori bai, egutegi hau gauzatu ahal izateko ordurako deseskalatzearen 3. fasean egotea beharrezkoa izango da eta hala ere, partiduak ikuslegorik gabe jokatu beharko dira, edozein kasutan.

Antolakuntzaren hasierako asmoa txapelketaren azken txanpari lehenago ekitea zen, zehazki ekainaren 7a eta 14aren arteko bitarte horretan jokatzea nahi zutelarik, baina ez dute beharrezkoa den baimena jaso.

Esan bezala beraz, Emakume Master Cup berriro itzuliko da ekainaren 26an, pilota goxoko finalerdiekin, non alde batetik Ane Urkizu eta Irantzu Etxebeste arituko dira Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra nor baino nor gehiago. Bigarren finalerdian, Galeano ahizpek neurtuko dituzte indarrak Ainhoa Ruiz de Infante eta Amaia Jakarekin, finalerako bigarren txartelaren bila.

Bikote irabazleek bi egun beranduago jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute, egun berean pilota mistoko finala ere lehiatuko delarik, duela hiru hilabete sailkatu ziren Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai eta Miren Larrarte-Olatz Ruiz de Larramendi bikoteen artekoa.

Garrantzitsua da azpimarratzea, azken orduko aldaketak eman direla bikoteen osaketan, izan ere, Leire Etxaniz eta Eneritz Arrietak ez dute parte hartuko txapelketaren azken fase honetan.

Leire Etxanizen kasuan, bere senitarteko batzuen egoera aipatu du, izan ere, oso gertuko hiru persona ditu aislamendu egoeran oraindik, eta ororen gainetik osasuna jarri nahi duela jakinarazi du. Gainera, bere lan ordutegia aukeratutako datekin bateragarria egiteko arazoak zituen eta beraz, txapelketan jarraitzeari uko egin dio, bere lekua Ane Urkizu gipuzkoarrak hartuko duelarik.

Leire Etxaniz Emakume Master CUP txapelketako protagonista nagusiena izan da 2017an martxan jarri zenetik, binakako hiru edizioak irabazi dituelarik (lehenengo biak Olatz Arrizabalagarekin batera eta hirugarrena Leire Garai bikotekide zuela) eta gainera 2017 eta 2019ko lau t,erdiko txapelak ere jantzi zituen.

Bestetik, Eneritz Arrietak ere ez du beste finalerdia jokatuko, bere lekuan Ainhoa Ruiz de Infante, Otxandioko  aurrelaria, arituko delarik Amaia Jakarekin batera antzuolako Galeano ahizpen aurka.

Aurtengo Txapelketa

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak indartsu jarraitzen du eta aurten ia ehun pilotarik, zehatz esanda 94k, –47 bikotek– hartu dute parte Binakako txapelketan.

2020ko Binakakoa bi kategoriatan jokatu da: ohiko pilota goxoakoak jarraitzen du jarraitzailerik gehien izaten, (35 bikote izango dira, 70 pilotari), eta geroz eta parte hartzaile gehiago erakartzen ari den pilota mistokoan 12 bikote aritu dira lehen ekitaldi honetan.