MENDIA

Edurne Pasaban, hamar urte munduko gailurrean

by | 2020/05/02

Edurne Pasaban Lizarribar Tolosan jaio zen 1973an, eta 37 urte betetzear zegoela, munduko 14 zortzimilak igotzen zituen lehenengo emakumea izan zen.

 

Hurrengo egunetan, maiatzaren 17an zehazki, hamar urte beteko dira Shisha Pangma igo eta errekorra ezarri zuenetik.

 

1998an zapaldu zuen aurrenekoz Himalaia Edurne Pasabanek. Bere herriko mendizale elkarteak espedizioa antolatu zuen Dhaulagiri I mendia (8167m) igotzeko asmoz eta hura izan zen zortzimila batekin izan zuen lehenengo kontaktua.

Aurretik, 1989an, 16 urte zituela Alpeetan egondakoa zen, Mont Blanc (4810m), Cervino (4478m) eta Monte Rosa (4614m) mendiak igo zituelarik. Hurrengo urtean, Chimborazo sumendia (6310 m) igo zuen eta 1994an Ekuadorren ere, Cotopaxi (5897m), Tungurahua (5016m) eta Guagua Pichincha (4971m). 1996an, Peruko Ishinca (5530m) eta Urus (5495m) mendien gailurra zapaldu zuen.

Baina 1998 urte hartan, Dhaulagiria orainarte izandako erronka zailena zen, eta tolosarrak ezin izan zuen igoera bururaino eraman, 272 metroren faltan zegoelarik bertan zegoen elur kopuruagatik gailurrera heltzeko saiakerari uko egin behar izan ziolarik.

Geroago, bere lehenengo zortzimila Everesta izan zen, hirugarren saiakeran gailurra zapaltzea lortu zuelarik, 2001ean hain justu. Hurrengo urtean, Makalu (8465 m) eta Cho Oyu (8201 m) igo zituen, eta 2003an Lhotse (8516 m), Gasherbrum I (8068 m), eta Gasherbrum II (8035 m) mendien  txanda izan zen.

2004an K-2 (8611 metros) eta 2005ean  Nanga Parbat (8125 m) izan ziren hurrengoak baina 2006. urtean tolosarra depresioaren putzuan erori eta 2007a arte ez zuen bere bederatzigarren zortzimila lortu (Broad Peak,8047 m).

2008an Dhaulagiri (8167 m) eta Manaslu (8156 m), 2009an Kangchenjunga (8586m) eta azkenik 2010ko udaberrian, Pasabanek Annapurna (8091m) eta Shisha Pangma (8013m) igo zituen eta horrela 14 gailur altuenak igotzen zituen munduko lehen emakumea izan zen.

Arrakasta lortu zuenetik hamar urte beteko diren honetan, Pasabanen bizitza asko aldatu da, ama izan zen eta orain hitzaldiak eta ikastaroak ematen ditu negozio eskoletan.

Hain data esanguratsua ospatzeko, tolosarraren asmoa zen aurrenekoz Ama Dablam mendia igotzea, ta udazkenean saiakera egiteko plangintza aurreratua zuen baina Covid19 gaitzaren bilakaera ikusita ia ezinezkoa izango zaio duela hamakada bateko balentria omentzeko plana aurrera eramatea.