EUSKAL PILOTA

Donostiako Grand Slam txapelketako finalerdiak zehaztu dira

2022/05/31

Argazkiak: Jai Alai News ​

Asteburuan jokatu zen Carmelo Balda frontoian Donostia Grand Slam 2022 txapelketako hirugarren jardunaldia, bertan izandako emaitzek zehaztu dituztelarik datorren larunbateko finalerdietan arituko diren bikoteak.

Lehen partidan, Goikoetxea-Irastorza 2-0 irabaztera behartuta zeuden eta tanto dezenteko aldearekin gainera, baina sailkatzeko aukera guztiak galdu zituzten Barandika-Etchetok lehen seta 10-15 irabazi zutenean. Kanporatuta zeuden arren, Goikoetxeak eta Irastorzak ez zuten amore eman eta bigarren seta (15-12) eta berdinketa hausteko jokoa ere (5-3) irabazi zituzten, eta gutxienez garaipen batekin esan zioten agur txapelketari.

A multzoko hiru bikoteek lehen fasea garaipen batekin berdinduta amaitu dutenez, sailkapenaren ordena irabazitako jokoen eta tanteoen arabera ezarri da. Irizpide horiek Barandika-Etxetori mesede egin diote eta Goikoetxea-Irastorzari kalte egin diote, beraz, sailkapenean lehena izan den Barandika-Etcheto bikoa zein bigarren geratu diren Aritz Erkiaga eta Lekerika sailkatu dira finalerdietara.

B multzoan egoera ezberdina zen, jokatu zuten bi bikoteak, Beaskoetxea-Lopez eta Olharan-Del Rio, dagoeneko sailkatuta baitzeuden, bakoitzak bere lehenengo partidak irabazi baitzituen. Jokoan zegoena lehen postua zen, Beaskoetxea-Lopezentzat izan zena, Olharan-Del Riori 2-0 irabazita.

Horrela, datorren larunbatean finalerdiak jokatuko dira: Barandika-Etcheto Olharan-Del Rioren aurka eta Beaskoetxea-Lopez Aritz Erkiaga-Lekerikaren aurka.

EMAITZAK

A TALDEA:

  1. Jardunaldia, maiatzak 14: Goikoetxea-Irastorza 0-2 Aritz Erkiaga-Lekerika (8-15, 9-15)
  2. Jardunaldia, maiatzak 21: Aritz Erkiaga-Lekerika 0-2 Barandika-Etcheto (11-15, 14-15)
  3. Jardunaldia, maiatzak 28: Goikoetxea-Irastorza 2-1 Barandika-Etcheto (10-15, 15-12 eta 5-3)

B TALDEA:

  1. Jardunaldia: maiatzak 14: Beaskoetxea-López 2-1 Hormaetxea-Zabala (15-9, 12-15, 5-3).
  2. Jardunaldia, maiatzak 21: Hormaetxea-Zabala 1-2 Olharan-Del Rio (12-15, 15-14, 5-2).
  3. Jardunaldia, maiatzak 28: Beaskoetxea-López 2-0 Olharan-Del Rio (15-10, 15-11)

Finalerdiak, ekainaren 4an: Barandika-Etcheto vs. Olharan-Del Rio eta Beaskoetxea-Lopez vs. Aritz Erkiaga-Lekerika.

Finala: ekainaren 11an .