HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Dena prest Binakako Aizkolarien finalerako

by | 2020/03/06

Argazkiak: egursport.com

Larunbat honetan, martxoak 7, arratsaldeko 18:30tan hasita herri kirol jaialdi ikusgarria izango da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan

 

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala, Emakumezkoen Aizkolari Banakako Txapelketarena eta Urrezko Harrijasotzaileena jokatuko dira. Gazte mailako aizkora txapelketak lehiatuko dira ere.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala

Jesus Maria Mujika-Iker Vicente, Mikel Larrañaga-Jon Rekondo eta Ugaitz Mugertza II.a-Julen Alberdi “Txikia IV.a” bikoteak neurtuko dituzte indarrak txapelaren bila.

Lau bikotek parte hartu dute txapelketan eta haietik hiruk egin dute aurrera, elkarren kontra jokatu ostean, bikote bakoitza bina saio irabazita eta bana galduta iritsi direlarik finalera. Haien arteko lehietan, bikote baten aurka irabazi eta bestearen aurka galdu egin dute finaleko hiru bikoteek txapelketan zehar. Txikiak eta Mugertzak Vicente eta Mujika garaitu zituzten, baina galdu egin zuten Larrañagaren eta Rekondoren aurka. Larrañagak eta Rekondok, aldiz, Txikiari eta Mugertzari irabazi zieten, baina galdu egin zuten Vicentek eta Mujikak osatutako bikotearen aurka; Vicentek eta Mujikak, bestalde, Larrañagari eta Rekondori irabazi zieten, baina galdu egin zuten aizkolari azkoitiarraren eta Mugertzaren aurka.

Txapelketan baino lan gehiago egin beharko dute finalean hiru bikoteek. Hasteko, bikoteko aizkolari batek 45 ontzako egur bat ebaki beharko du erlojuaren aurkako proban. Bigarren lanean, zutikako kanaerdiko enbor bat txanda librean moztu beharko dute. Segidan, 65 ontzako egur bat ebaki beharko dute bi aizkolariek. Gero, bikoteko partaide batek 45 ontzako enborra ebaki beharko du lehenik, eta hori moztutakoan haren bikotekidea etzandako kanaerdikoarekin hasiko da. Azken lana izango dute gogorrena. Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi 65 ontzako ebaki beharko dituzte txanda librean.

Emakumezkoen Binakako Txapelketaren finala

Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finala ere jokatuko dute larunbatean. Emakumezkoen txapelketa honetan, lau aizkolari aritu dira lehian: Nerea Sorondo beratarra, Itxaso Onsalo aresoarra, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa bizkaitarra.

Ligaxkako jardunaldiak jokatu eta gero hoietatik hiruk eskuratu dute finalerako txartela: Nerea Sorondo, Irati Astondoa eta Maika Ariztegi, hain zuzen. Sorondo da egungo Euskal Herriko txapelduna eta baita finala irabazteko faboritoa ere, txapelketan jokatu dituen saio guztiak irabazita heldu delako finalera. Beraientzat lana, hiru 36 ontzako.

2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketa

Aizkorako finalez gain, Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finala ere jokatuko dute larunbatean. Bost harrijasotzailek parte hartu dute txapelketan eta bostetik hiru sailkatu dira finalera: Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra, Urdax Mangunazelaia abadiñarra eta Aimar Galarraga oriotarra. 175 kiloko harri errektangularra, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko borobila izango dituzte aurrean eta bakoitzarekin bi minutuko txanda.

Gazte mailako txapelketak

Halaber, Urrezko Binakako 23 urtez azpiko Txapelketaren finala ere lehiatuko da Izarraitzen. Gazte mailako Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalerdian zortzi aizkolari izan ziren Oñatiko plazan otsailaren 16an, eta horiek bi multzotan banatu zituzten, multzo bakoitzeko irabazleak zein galtzaileen artean jokatutako neurketako garaileak sailkatu zirelarik finalerako. Beraz, Ioritz Gisasola “Zelai IV.a”-Suharri Rodriguez, Julen Larrea III.a-Jokin Urretabizkaia “Basozabal” eta Hodei Ezpeleta-Unai Larrea bikoteak lehiatuko dute finala. Egin beharko duten lana,  seina kana-erdiko txanda librean ebakitzea.

Azkenik, Urrezko Binakako 19 urtez azpiko Txapelketa izango da, non Axel-Larrañaga-Markel Zapiain eta Oier Larretxea-Endika Goia osaturiko bikoek indarrak neurtuko dituzten. Bi 45 ontzako eta beste bi kana-erdiko ebaki behar dituzte txanda librean.