EUSKAL PILOTA

Bizkaia Frontoiak hamar urte bete ditu

2021/03/08

Argazkiak: Bizkaia Frontoia

Martxoaren 19an, duela hamar urte lehen partida jokatu zen egunean, hamargarren urteurrena ospatzeko, pilota izango da egun osoan zehar

 

Martxoaren 5ean Bizkaia frontoiaren inaugurazioaren hamargarren urteurrena bete zen. Urte bereko martxoaren 19an lehen pilota jaialdia egin zen eta partida nagusian Olaizola II.a-Begino/Martinez de Irujo-Merino II.a aritu ziren aurrez aurre.

Urteurrenaren karira, pasa den ostiralean Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Bizkaia Frontoiaren hamar urteen balantzea aurkeztu zuen, Joserra Garairekin, instalazioak kudeatzen dituen Aldi Baterako Enpresa-Elkartearen kudeatzailearekin batera.

Emandako datuen arabera, Bizkaia Frontoian etengabe burutu dira maila goreneko pilota profesionaleko jarduerak. Guztira 176 jaialdi jokatu dira, LEP.Mk antolatutako esku pilota profesionaleko dagozkienak, eta guztira 442 partida jokatu dira. Horien artean txapelketa garrantzitsuenetako 24 final jokatu dira (lau terdiko 5, binakakoaren 10, buruz burukoaren 9), eta 28 finalerdi. Aste Nagusiko 38 jaialdi ere jokatu dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, Bizkaia Txapelketaren 8 edizioak ere bertan egin dira.

Bizkaia Pilotalekuak, aldi berean, pala profesionala mantentzea ahalbidetu du. Denboraldi bakoitzean pala profesionaleko jaialdi eta txapelketak jokatzen dira, Innpala enpresak antolatuta: Binakako Liga, Banakako Txapelketa, Munduko Txapelketa, Nazioarteko Opena, Bizkaiko Txapelketa eta Aste Nagusia. Pala profesionaleko 525 jaialdi antolatu dira.

2018 urteaz geroztik, emakumezkoen esku-pilotako Bizkaia Txapelketa (3 edizio) jokatu da eta une honetan emakumezkoen Bizkaia Paleta Txapelketa (3.edizioa) jokatzen ari dira.

Halaber, hamarkada luze honetan zehar 270.000 lagun baino gehiago izan dira frontoian, horietatik 230.000 inguru euskal pilotaren ikusleak.

Bizkaia Frontoiko trinketean hainbat txapelketa jokatu dira eskuz, larruzko pilotako paletarekin eta Argentinako paletarekin: Trinkete Tourra, Bizkaiko txapelketak, GRAVNI txapelketa, Nazioarteko Pilota Txapelketa eta beste asko.

Bizkaia frontoian, gainera, beste diziplina batzuetako 198 kirol-ekitaldi egin dira, hala nola herri kiroletan, boxeoan, karatean, taekwondoan, gimnasian, judoan eta abarretan. Horien artean, gizonezkoen eta emakumezkoen 24 boxeo-gau egin dira.

Eraikinean Kiroletxea ere badago; bertan egoitza dute Bizkaiko 41 federaziok, ASFEDEBIk (Bizkaiko Kirol Federakundeen Elkartea) eta KITEBek (Kirol-teknikarien “Bizkaia” Eskola). Teknikariak eta arbitrajeko langileak prestatzeko erabili ohi da, bai eta federazioen egoitza sozialerako ere, klubei eta pertsona federatuei arreta emateko. Hainbat bilera, ikastaro eta ekitalditarako gela eta espazio komunak erabiltzen dira.

Bizkaia Frontoian kirol medikuntzako eta biomekanikako zerbitzua badago. Azken 10 urteetan 35.000 mediku-azterketa baino gehiago egin zaizkie denetariko kirolariei. Eta prestakuntzaren arloan, Ariketa Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko ikasleek beren unibertsitate-praktikak Bizkaia Frontoiko instalazioetan egiten dituzte, bai ezker hormako frontoian, bai trinketean.

Aurkezpenean, gainera, martxoaren 19ko jardunaldian jokatuko diren partidak aurkeztu ziren, egun horretan betetzen direlako hamar urte frontoian jokatu zen lehen partidatik.

Zazpi partida jokatuko dira frontoian eta lau trinketean, goizeko 9etatik arratsaldeko 8ak arte, gutxi gorabehera. Eskuz Binakako Txapelketako partidak ETBn emango dira eta gainontzeko partidak Bizkaia Frontoiko Facebook bidez jarraitu ahal izango dira.

Partidak pilotalekuan:

9:00-10,00. Zesta: Alex Goitiandia- Danel Mandiola vs Jon Goenaga-Jon Mandiola

10:00-11:00. Erremontea: Zaldua II.a -Zubiri vs Loitegi-Zaldua

11:00-12:00h. Larruzko pilotako paleta, emakumezkoak:

Maialen Rodriguez- Olatz Zulaika vs Uxue Agirresarobe-Maialen Landajo

12:00-13:00 h. Pala: Gaubeka-Gordon vs Fusto-Urrutia

15:30-16:30. Esku-pilota, emakumezkoak

17:00-20:00h Esku-pilota, gizonezkoak:

Sustapenerako Binakako Txapelketa – 12. jardunaldia: Elordi-Garmendia vs Zubizarreta III.a- Uriondo

LEP.M Binakako Txapelketa – 12. jardunaldia: Elezkano II.a-Zabaleta vs Peña II.a- Albisu Partidak trinketean:

10:00-13:00

Trinketeko gomazko pilotako paleta, Bizkaiko Kluben Txapelketa

Naroa Martínez (Lea Ibarra)-Naia Zugaza (Olarreta)

Olatz Beitia (Lea Ibarra )- Maialen Rodríguez (Olarreta) Trinketeko Bizkaiko Kluben Esku-Pilota Txapelketa (gizonezkoak)

Ziarsolo (Adiskide)-Aristondo (Kurene)

Trinketeko larruzko pilotako paleta, Bizkaiko Kluben Txapelketa

Mikel Zulueta (Lagun Artea)- Mikel Basterra (Danak Bat)