HERRI KIROLAK/AIZKORA

Binakako Aizkolari Txapelketako hirugarren jardunaldia lehiatu zen Iraetan

by | 2022/01/26

Argazkiak: egursport.com

Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia “Basozabal” nagusitu dira XXII. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hirugarren jardunaldian

 

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hogeita bigarren edizioa abiatu zen urtarrilaren 16an, igande eguerdian Arabar Errioxako Eskuernaga herrian jokaturiko lehen jardunaldiarekin, hilaren 22an, Burgelun (Araba) bigarren saioa lehiatu zutelarik.

Egun bat beranduago, urtarrilaren 23an hain zuzen ere, txapelketako hirugarren jardunaldia burutu zen Iraetan, arratsaldeko 17:30etan hasita.

Egin beharreko lanak, honakoak: guztira hamaika enbor ahalik eta azkarren moztea, sei modalitate ezberdinetan. Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaiak 18 minutu eta 04 segundo behar izan zituzten lana burutzeko eta Xabier Zaldua eta Luis Txapartegik berriz, 22 minutu eta 31 segundo.

2022 Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa, 3. jardunaldia

Hodei Ezpeleta -Jokin Urretabizkaia “Basozabal”, 18 minutu eta 04 segundo: erloju kontra 51´´ eta 1´01´´, zutik 1´49´´, abiadura 4´11´´, zutik/etzanda 2´54´´, azken proba 7´18´´

Xabier Zaldua-Luis Txapartegi, 22 minutu eta 31 segundo: erloju kontra 1´12´´ eta 1´03´´, zutik 1´53´´, abiadura 5´35´´, zutik/etzanda 3´52´´, azken proba 8´56´´

Harrijasotzeari dagokionez, 2022 Errota Harri Jasotze Txapelketa lehiatu zen ere Iraetako herri kirol jaialdian, non Mikel Lopetegi Urrak bere nagusitasuna erakutsi zuen beste behin Errota Harriarekin. 2020an nola, atzo ere zarauztarra izan zen Errota Harriari, 107 kiloko bolari, altxaldi gehien eman zizkiona: 30 aldiz jaso zuen, hiru minutuko tartean. Paulo Azpiazu bigarren sailkatu zen 27 altxaldirekin, Beñat Telleria hirugarren 26rekin eta Xabat Olaizola laugarren 22rekin.

SAILKAPENA:

1 Mikel Lopetegi “Urra” 30 jasoaldi

2 Paulo Azpiazu 27 jasoaldi

3 Beñat Telleria 26 jasoaldi

4 Xabat Olaizola 22 jasoaldi

Jarraian, Emakumezkoen harri-jasotze txapelketaren txanda izan zen, bertan Lur Errekondok 46 jasoaldi eman zizkielarik 50 kiloko hiru harriei, bi minutuko txandetan: 19 zilindroari, 9 kubikoari eta 18 bolari.