EUSKAL PILOTA

Barrenetxeak jokatuko du 2022ko Iparlur Masterseko finala

2022/02/13

Argazkiak: oriamendi2010

Endika Barrenetxeak 2022ko Iparlur Masterseko finala jokatuko du, finalaurrekoan Juaneneari 30-14 gailendu ondoren. Beraz, atzelari hernaniarra izango da Ansa II.aren aurkaria datorren larunbatean, otsailaren 19an, jokatuko den finalean.

Finalaurrekoak Juaneneak eta Barrenetxeak udako Kutxabank Torneoko ligaxkan jokatutako partidaren antzeko itxura izan zuen. Hernanikoa jaun eta jabe izan zen hasieratik bukaerara , Juanenearen aurrean.

Azkenean, 0-5eko partzial batek markagailua apur bat itxuratu zuen, 29-9 joan eta gero markagailuan. Barrenetxea benetan distiratsu aritu zen, eta ezer gutxi egin ahal izan zuen Juaneneak. Partida 0-1ekoarekin hasi zen, baina binakako berdinketatik aurrera ez zen emoziorik izan. Barrenetxeak 10-2 ihes egin zuen berehala 8-0eko partzialari esker eta gerora ez zen ia historiarik egon.

Juaneneak ez zuen errestoan asmatu eta atzelari hernaniarra nagusi zen sakean eta baita piloteoan ere. 10-2tik 21-7kora pasa zen, 29-9koan iritsi zelarik abantailarik handiena, azkenean Barrenetxeak erosotasunez lortu zuelarik partida ixtea (30-14).

Markagailuaren gorabeherak: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 4-2, 5-2, 6-2, 7-2, 8-2, 9-2, 10-2, 10-3, 11-3, 11-4, 11-5, 11-6, 12-6, 13-6, 14-6, 14-7, 15-7, 16-7, 17-7, 18-7,19-7, 18-7,19-7, 21-7, 21-8, 22-8, 23-8, 25-8, 25-8

Galarretak Eugenio Aranburu omendu zuen

Eugenio Aranbururen omenaldian izan zen zirrararik. Galarretak eta Oriamendik betiko gogoratu zuten. Koadroko 20 pilotarik pasilloa egin zieten eta ondoren Aritz Eskuderok bertso hunkigarriak bota zituen Aranbururen bi semeen eta alargunaren aurrean. Jarraian, pilotariak banan-banan pasa ziren erdiko epaile postutik, eta haren koadro bat jarri zuten bertan, familiari oparitu zitzaiona.

Masterseko finalerditik kanpo, zapore ezberdina utzi zuten binakako beste bi partida jokatu ziren larunbateko jaialdian. Lehenengoan Ezkurra II.ak eta Azpirozek Ansa II.aren eta Larrañagaren aurka garaipena eskuratu zuten (33-35). Ezkurra izan zen onena partida parekatu eta eder batean, eta ikusleek eskertu egin zuten ikuskizuna.

Hirugarrenean aldiz ez zen parekotasunik egon eta Segurolak eta Martirenak 40-24 irabazi zieten Goikoetxea eta Aizpururi. Irabazleek sasoi betean eta joko askorekin daudela erakutsi zuten. Aurkarien gainetik pasa ziren, Segurola partidako onena izan zelarik.