EUSKAL PILOTA/ERREMONTEA

Barrenetxea IV.ak irabazi du Erremonteko Master UTS Txapelketa

by | 2020/02/13

Argazkiak: oriamendi10.com

Erremonteko Master UTS txapelketako finala irabazi zuen Endika Barrenetxeak larunbatean Galarretan

 

Iazko iraileko finala errepikatu da eta Javier Urriza eta Endika Barrenetxea IV.a izan ziren aurrez aurre iragan larunbatean, Galarretan.

Urriza finalerdian Endika Urrutia 30-28 irabaztetik zetorren eta Barrenetxea aldiz beste finalaurrekoan 30-25 irabazi zion Ansa II.ari.

Aurtengo master UTS Txapelketako finalean, momentuko erremonteko lidergoa zegoen jokoan, izan ere orainarte Urriza egon da mailarik altuenean baina aspaldiontan Barrenetxeak lehiatu izan dio jokalari onenaren lidertza hori.

Urriza iazko txapelduna zen eta larunbaterarte jokatutako bederatzi edizioetatik bostetan lortua zuen garaipena. Haien arteko buruz burukoan ere, zenbakiak Urrizaren aldekoak ziren erabat, elkarren aurka jokaturiko zazpi partidetan Urrizak sei garaipen lortuak zituelarik eta Barrenetxeak bakarra (iazko irailean lehiatutako Kutxabank txapelketako finalean lorturikoa, hain zuzen ere).

Baina larunbateko finalean, Barrentxeak bere goranzko joera berretsi zuen beste behin ere eta txapela eskuratu zuen partida gogoangarrian. Izan ere, pilotazaleek denbora askoan gogoratuko duten finala izan zen, bi jokalariek maila bikaina eman zutelarik.

Partidua orekatua joan zen uneoro baina egia da Barrenetxeak garaipenerako bideari aurretik ekin ziola une jakin batetik aurrera, sei tantuko aldea (16-10) eta zortzi tantokoa ere (17-25) lortu zuelarik.

Momentu horretan Urriza suspertu egin zen eta partida berdintzea lortu zuen 25-25 eta 26-26, amaierararte mantendu zelarik oreka 29-29.

Azken tantu ezin ederragoa irabazita eskuratu zuen txapela Barrenetxeak eta bide batez amaiera ezin hobea eman zitzaion Galarretan bildutako ikusle ugariek ikaragarri gozatu zuten finalari.

Erremonteko Master UTS txapelketa

​Hamargarren edizioa bete du aurten txapelketak eta sei erremontistek hartu dute parte, pasa den urtean bezala: Barrenetxea IV, Urriza, Endika, Ansa II, Azpiroz eta Goikoetxea V (azken hau lesionatuta dagoen Josetxo Ezkurraren ordez arituko da).

Txapelketak eskailera formatua dauka eta orotara bost partidu jokatu dira, finala otsailaren 8an izan delarik.

Oriamendi2010 sortu zenetik lehiatzen da txapelketa hau. Koteto Ezkurrak irabazi zituen lehendabiziko bi edizioak 2011n eta 2012an. Ondoren, Urrizaren bi garaipen etorri ziren (2013 eta 2014), Utergak hartu zuen erreleboa 2015ean eta 2016an beste bi garaipenekin eta azken hiru urteetan berriz ere Urrizak menderatu ditu aurkariak. Aurten aldiz, Barrenetxeak erreleboa hartu eta garaipena lortu du.

Otsailaren 8ko emaitzak Galarretan

1. Goikoetxea V-Zaldua, 35; Aldabe-Arruarte, 29
2. Barrenetxea IV, 30; Urriza, 29 MASTER UTS
3. Ezkurra II.a -Ion, 30; Juanenea-Endika, 40
4. Matxin III-Garces, 11;  Segurola-Aizpuru III, 27