MENDI LASTERKETAK

Azkorbebeitia eta Egea, Euskadiko txapeldun ultra trailean

2022/05/18

Argazkiak: emf.eus

Azpeitia izan zen pasa den asteburuan mendi lasterketak maite dituztenentzako arreta gunea, izan ere, Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren lehen edizioa jokatu zen bertan, Euskadiko Ultra Trail Txapelketa ere zena.

Lagun Onak Mendi Bazkuna Azpeitiak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatu duten lahiaketa honetan 400 partaide aritu ziren, 3.700 metroko desnibel positiboa zuen ibilbide zorrotza osatu behar izan zutelarik.

Lasterkariak goizeko 8etan abiatu ziren Azpeitiko Plaza Nagusitik, eta berehala Arroitiako igoerari ekin behar izan zioten, 53. kilometroan 912 metroko Xoxoteko azken igoera handiari aurre egin behar izan ziotelarik, jarraian Azpeitira itzultzeko 65 kilometro horiek bete ondoren. Beroa tarteko, ehun korrikalari baino gehiagok bertan behera utzi zuten lasterketa eta ekaitza tarteko, une batez gelditu egin zuten proba.

Ibilbidea Azpeitian hasi eta amaitu bazen ere, beste hiru herri zeharkatu zituen probak: Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. Mendi tontorrei dagokienez, berriz, Arroita edo Arauntza (612 metro), Sañu (616 metro), Gazume (1.002 metro), Hernio (1.078 metro), Murumendi (868 metro), Izazpi (973 metro), Hiruarrieta edo Samiño  (933 metro) eta Xoxote (912 metro) igaro behar izan zituzten parte hartzaileek.

Faborito nagusiak Aritz Egea eta Ohiane Azkorbebeitia ziren eta ia irteeratik lasterketaren buruan jarri ziren. 19 kilometroak beteta zituztenean Egeak ia 5 minutu ateratzen zizkion bere arerio nagusia izango zela aurreikusten zenari, Pere Aurelli, eta Azkorbebeitiari berriz, Irigoyenek eta Baraibarrek jarraitzen zioten urrutitik. Posizioak mantendu egin ziren Mandubia eta Loiolatik pasatzerakoan, eta azkenean, Egea eta Azkorbebeitia izan ziren lehenak helmugaratzen.

Aritz Egea urretxuarrak 6 ordutan lortu zuen ibilbidea betetzea, atzetik, 29 minutu geroago Aurell katalana iritsi zen, eta bigarren postua mantendu zuen lasterketako podiumean, Igon Mantzizidor debarrak erasoa jo arren. Hori bai, Euskadiko Txapelketan Mantzizidor izan zen bigarren eta Pello Berrizbeitia hirugarren. Nesketan, Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak 7 ordu eta 17 minutu baliatu zituen ibilbidea osatzeko. Atzetik, Leire Baraibar Zumaiako bizilaguna (7 ordu eta 57 minutu) eta Oihane Perez gernikarra (8 ordu eta 16 minutu) sailkatu ziren.

2022 EUSKADI ULTRA TRAIL 2022 TXAPELKETAREN SAILKAPENA

GIZONEZKOEN ABSOLUTUA

  1. Aritz Egea
  2. Igon Mantzizidor
  3. Pello Berrizbeitia

EMAKUMEZKOEN ABSOLUTUA

  1. Ohiane Azkorbebeitia
  2. Leire Baraibar
  3. Ohiane Perez

TALDEAK

  1. Gaikar Zortzietakoak
  2. Arrolape Mendi Kluba
  3. Lagun Onak MB Azpeitia

BETERANOAK

  1. Igon Mantzizidor (A)
  2. Manu Muñoz (B)

BETERANAK

  1. Ohiane Azkorbebeitia (A)
  2. Elixabete Ursua (B)

DOMUSA TEKNIK 40 MLK SAILKAPENA

GIZONEZKOEN ABSOLUTUA

  1. Aritz Egea
  2. Pere Aurell
  3. Igon Mantzizidor

EMAKUMEZKOEN ABSOLUTUA

  1. Ohiane Azkorbebeitia
  2. Leire Baraibar
  3. Ohiane Perez