HERRI KIROLAK/AIZKORA

Aurtengo Euskadiko Aizkora Txapelketak lehiatuko dira

by | 2020/09/04

Argazkiak: herrikirolak.eus

Azkenean, eta Federazioak iritziz aldatu ostean, aurtengo Euskadiko Aizkora Txapelketaren maila guztiak jokatuko dira

 

COVID19 gaitzaren ondorioz aurtengo Euskal Herriko Aizkora Txapelketak bertan behera geratzen zirela ekainean jakinarazi bazuen ere, duela egun batzuk Euskadiko Herri Kirol Federazioko zuzendaritza batzordeak iritzia aldatu eta txapelketa hoiek antolatzea erabaki du, lehen, bigarren zein hirugarren mailan.

Pandemiak eragindako nahasmenak plangintza egokia gauzatzeko aukerak murriztu zituen uda hasieran, eta Federazioak ez zuen aukerarik ikusten aipatu lehiaketak antolatzeko baina, orain, egoera aproposagoa dela adierazi dute.

Federazioko zuzendaritza batzordeak argudiatu duenez, ekainetik hona gauza dexente aldatu dira, batez ere kirol jardueren inguruko neurri eta protokoloei dagokionez. Hasieran ziurgabetasun betean bazeunden ere, orain protokolo oso landuak eta zehaztuak daude, eta bestelako kirol ekitaldien antolaketaren esperientzia ere badago, guzti honi Egur Sport entrepresaren ezinbesteko babesa eta sostengua gehitu behar zaiolarik (txapelketen antolaketatik eratorriko kostuetan lagundu eta segurtasun protokoloak bermatuko ditu).

Gauzak horrela, azkenean Euskadiko aizkora txapelketak lehiatuko dira, lehen, bigarren zein hirugarren mailan, segurtasun baldintzak ongi betetzeko bitartekoak jarrita , dagoeneko data batzuk ezarriak daudelarik:

-Lehenengo Mailako finala azaroaren 29an lehiatuko da, aurretik sailkapen kanporaketa bakarra jokatuko litzatekeelarik hilaren 1ean.

-Bigarren Mailako txapelketari dagokionez, urrian bi kanporaketa jokatuko dira oraindik zehaztu gabeko datetan, eta finala berriz, azaroaren 15ean izango da.

-Hirugarren Mailan azkenik, urrian hiru kanporaketa egongo dira eta finala abenduaren 27an izango da, bertan sei aizkolari arituko direlarik (izen ematea irailaren 12ra arte egongo da irekita).