SASKIBALOIA

Aurkari zailak izango ditu Lointek Gernikak Eurokoparen hasieran

2021/08/23

Argazkiak: gernikasaski.com

Lointek Gernika Bizkaia taldea EuroCup txapelketako H multzoan kokatuta geratu da, multzorik zailenean, Munichen gauzatutako zozketa eta gero. Boloniako Virtusekin eta La Roche Vendeerekin dago multzoan. Multzoko azken aurkaria irailaren 23an jokatuko den Flammes Carolo eta Piestanske Cajkyren arteko aurretiazko kanporaketatik irtengo da. Lehenego fasea urriaren 14ean hasiko da, aurreneko jardunaldian Boloniako Virtusen aurka jokatuko dutelarik gernikarrek Italian.

Bosgarren aldiz jarraian Lointek Gernika Bizkaia Europako talde onenen artean egongo da, eta dagoeneko kontuan izateko taldea da EuroCup Womenen. Horregaitik izan da zerrendaburu Emakumezkoen Endesa Ligako laugarren postua erdietsi ondoren. Iaz Lointek Gernika Bizkaia final zortzirenetararte heldu zen, Sepsi talde errumaniarrak kaleratu zuelarik luzapenean, Errumanian jokatutako norgehiagokan.

La Rochee Vendee iaztik aurkari oso ezaguna da. Frantziar ligako seigarren sailkatuak Lointek Gernika Bizkaiarekin Valentzian egin zuen topo Eurocupeko iazko F multzoko lehen jardunaldian, non gernikarrek garaipen argia eskuratu zuten (82-67), erasoan emandako erakustaldi baten ondoren. Talde beti sendoa da, Heriaud eta Ornella Bankole bezalako jokalariak mantentzen baititu oraindik eta gainera besteak beste Ziomara Morrison fitxatu du aurten. Boloniako Virtuseri dagokionez, txapelketa irabazteko hautagai nagusietako bat da zalantzarik gabe. Talde italiarra Euroligan aritzeko moduko taldea osatu du izarrez beteriko multzoa osatuz. Cecilia Zandalasini Europako jokalaririk onenetarikoa da, WNBAn dago gaur egun. Berarekin batera, dagoeneko Malosten ikusi dugun Ivana Dojkic ere nabarmentzeko jokalaria da. Estatu Batuarrak ere baditu, Brianna Turner eta Mysha Hines-Allen, biak ala biak WNBAn aritutakoak.

Bukatzeko, multzoko azken taldea Carolo Basket frantsesa eta Txekiako Piestanske Cajki taldeen arteko kanporaketaren irabazlea izango da. Flammes Carolo, iazko F multzoko aurkarietariko bat, azkenean lauko finalean sartu zen. Europako talde klasikoetako bat da, hala ere, Lointek Gernika Bizkaiari irabazteko gai izan ez zena. Gernikarrek defentsa arloan erakustaldia eman zuten eta 50-57 gailendu ziren. Bajak izan dituzten arren, Turner edo Miyem esate baterako, Marica Gajuc bezalako fitxaketa handiak burutu dituzte.