ESKALADA

Atzeratu dira Euskal Herriko Eskalada Txapelketak

2020/09/22

Argazkiak: emf.eus

Pandemiaren ondorioz, Eskaladako Euskal Herriko Txapelketak atzeratu egin dira

 

Kirol arloan eta gutxinaka bada ere hainbat txapelketa martxan jarriko zirela zirudienean, COVID-19ak berriro ere bereak eta bi egiten jarraitzen du, eta ahalegin guztiak ezerezean utzi ditu.  Pasa den asteburuan,  Iruñean jokatzekoak ziren Euskal Herriko Eskaladako Zailtasuneko eta Abiadurako diziplinak, baina egoera zein den kontutan hartuta, atzeratu behar izan dituzte, dagoeneko beste data berri baten bila hasi direlarik.

Data zehatzik gabe, eta pandemiaren nondik norakoak ikusita, Euskal Mendi Federazioak bere ahaleginak egingo ditu. Xedea argia da, urtea amaitu baino lehen txapelketak abian jartzeko ahalegin garbia egingo du EMFk.

Espainiako Mendi Federazioak bere aldetik, bide bera aukeratu du. Espainiako txapelketak ere, Iruñean jokatzekoak ziren urriaren 8a eta 12aren artean. Momentuz ez da lekurik topatu egutegian, eta hurrengo hitzorduaren zain, data zehatzik gabe jarraituko dute txapelketek.

Espainiako Kopak ere atzerapena izango du.  Irailaren 5 eta 6ko asteburuan ziren martxan jartzekoak Espainiako Kopako probak, baina hauen kasuan ere, atzerapena izango du aurreneko probak, azkenean  abenduaren 5ean eta 6an lehiatuko delarik.

Bartzelonako atzerapena medio, Madril izango da kopari hasiera emango diona. Urriaren 31n eta azaroaren 1ean, Climbat X-Madrid aretoan izango ditugu lehenbizikoz eskalatzaileak.

Bere aldetik, Zaragozako Climbat Zaragoza La Torre Outlet aretoan izango dira eskalatzaileak azaroaren 14an eta 15ean. Larunbateko jardunaldian, sailkatze fase guztiak jokatuko dira. Goizetan, 14 eta 16 urtez azpikoenak, eta arratsaldeetan berriz, 18 eta 20 urtez azpikoenak eta senior mailakoak. Igandean, aldiz, finalak jokatuko dira.

[Gu ere bai!] Herri oso bat gailurrean

[Gu ere bai!] Herri oso bat gailurrean

Everesteko espedizioa gogoratu eta omentzeko, Gu ere bai! ekimenak deialdia egin du asteburu honetan Euskal Herriko mendi gailurretara igotzeko