BOLEIBOLA
Arriskuan dago Sestao Boleibol taldearen Superligako plaza
CV Sestaoren Emakumezkoen Superliga 2ko plaza arriskuan dagoela jakitera eman du klubaren zuzendaritzak atera berri duen agirian, izan ere, hurrengo denboraldiari gutxieneko bermeekin aurre egiteko nahikoa babes ekonomikorik ez dute oraingoz lortu.
Adierazpen horretan jakinarazten dutenez, kolpe handia izango litzateke bai klubarentzat eta bai eliteko euskal boleibolarentzat mailari uko egin behar izatea, baina atzera pauso hori ematea oso serio aztertzen ari direla adierazi dute, eta oso posible da beraz kantxetan irabazitako sariari uko egitea babes ekonomikoaren faltagatik.
Duela hilabete, Espainiako boleibol federazioak Sestao Boleibol taldeak Superliga2 txapelketan jarraituko zuela baieztatu zuen, emakumezkoen estatu mailako zilarrezko mailan jeitsierarik ez zela egongo ebatzi baitzuen.
Beraz, gaur egun 33 talde izango dute eskubidea hurrengo urtean Superliga2 lehiaketan aritzeko (Sestao taldea tartean), aurten baina bederatzi talde gehiago eta azkenean kategorian inskribatzen diren taldeen kopuruaren arabera hurrengo urtean bi edota hiru multzotan jokatzea erabakiko da.
Martxoaren erdialdera lehiaketa eten zenean, Sestao boleibol taldea sailkapenaren hamargarren postuan kokatuta zegoen, jeitsiera postuetatik at, baina esan bezala, gaur egun klubak pairatzen duen egoera ekonomiko traketsa dela eta ez da ziurra mailari eutsi ahalko dion azkenean.
Ez da kasu isolatua talde bizkaitarrarena, esaterako azken hamarkadan nagusi izan den Logroñoko boleibol taldeak Iberdrola Ligari uko egin izanak, arrazoi ekonomikoengatik ere, alarma gorria piztu du kirolaren munduan, batez ere emakumezkoen kirolari dagokionean.
Klubetik diotenez, emakumeen kirola bultzatzearen aldeko diskurtsoek ez dute benetako babesik ez diru laguntzarik, eta emakumeen kirola ezagutzera emateko hainbeste urtetan zehar itzalean lanean aritu diren klubek ez dute beharrezkoa den laguntza jasotzen aurrera egin ahal izateko.
Dena den, sestaotarren asmoa zilarrezko mailan jarraitzea da eta azken momenturarte ahaleginduko dira helburua lortzen, izan ere, Superliga2 kategorian izen-ematea burutzeko federazioak ezarri duen epemuga berria (aurretik ekainaren 21ean zuen jarria) uztailaren 17a da eta ordurarte buru-belarri saiatuko dira ezinbestekoa duten babes ekonomikoa lortzen.
[IX.EHTxapela] Reala 0-2 Osasuna
Osasunak irabazi du aurtengo IX.Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren bigarren partida
[IX.EHTxapela] Athletic – Reala, azaroaren 24an
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren hirugarren partida izango da
[IX.EHTxapela] Reala-Osasuna, urriaren 27an
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren bigarren partida izango da