MENDI LASTERKETAK

Antzuolako 8 Milak, otsailaren 20an

by | 2021/12/12

2021ekoa pandemiaren eraginagatik bertan behera utzi ostean, 2022ko otsailaren 20an izango da, COVID19 gaitzaren bilakaerak hala uzten badu, Antzuolako Zortzi Milien hurrengo hitzordua.

Antzuolako Zortzi Miliak mendi lasterketa 2013an sortu zenetik bederatzigarren edizioa izango da honakoa, eta, ohi bezala, 13,83 kilometro-ko ibilbidea eta 836 metroko desnibel positiboa izango du. Herriko Plazan hasi, Irimora igo, Trekutzetik igaro eta hasitako tokian amaituko delarik.

Aurtengo edizioan 300 lasterkarik parte hartu ahalko dute eta inskripzioa www.kirolprobak.com webgunearen bidez egingo da, urtarrilaren 8tik otsailaren 18ra arte egongo delarik apuntatzeko aukera, aurretik dortsal guztiak banatzen ez badituzte, behintzat. Izan ere, korrikalariengandik harrera ona jasotzen duen ekitaldia da. 2020ko deialdian hiru orduan 240 lagun apuntatu izanak ondo erakusten du lasteketak pizten duen interes maila.

2020ko azken edizioan 249 korrikalarik hartu zuten irteera Antzuolako plazan goizeko 10:30etan, otsailaren 16an, hain justu Covid-19aren inguruko neurriak hartu baino hilabete lehenago.

Gizonezkoetan, Beñat Etxabe eta Jokin Etxabe anai bergararrak izan ziren azkarrenak. Beñat heldu zen lehena helmugara, 1:04:40ko denborarekin –errekorra gainditzeko bi segundo bakarrik falta izan zitzaizkion bergararrari–, Jokin baino hamasei segundo azkarrago. Hirugarren, Xabi Lete oñatiarra izan zen, eta laugarren Ioritz Conde elgoibartarra.

Emakumezkoetan, Ainara Urrutia aretxabaletarra izan zen onena, 1:20:24ko denborarekin. Bigarren Ane Zabala arrasatearra izan zen, Urrutia baino bi minutu beranduago helmugaratuta, eta hirugarrena, Logroñotik etorritako Gema Olabe.

Sailkapena (gizonak):

1-  Beñat Etxabe  1:04:40

2- Jokin Etxabe  1:04:56

3-  Xabi Lete  1:05:27

Sailkapena (emakumeak):

1- Ainara Urrutia 1:20:24

2-  Ane Zabala 1:22:36

3-  Gema Olabe 1:24:11