EUSKAL SELEKZIOA/MENDI LASTERKETAK

Ander Iñarra bigarren Skyrace Munduko Kopako Pirin Ultra lasterketan

2019/09/23

Argazkia: Skyrunning

ANDER IÑARRA MUNDUKO KOPAKO GAILURRETAN

Pirin Ultra Skyrace (Bulgaria) lasterketan jokatu da 2019ko Munduko Koparen azken aurreko lasterketa Limoneko finalaren atarian. Bertan, Euskal Selekzioko kide den Ander Iñarrak bigarren postu bikain batean amaitzea lortu du lasterketa.

Ander Iñarra lezoarrak, bereak eta bi egiten jarraitzen du mendi lastereketetako Munduko Kopan. Gaurkoan, Banskon, ez du asko falta izan Munduko Kopa batean bere lehen garaipena lortzeko. 66 kilometroko luzera eta 4400 metroko desnibel positiboa zituen ultra lasterketan, argi utzi du beste behin, oso sasoiko iritsiko dela urriaren 19an Italian, Limonen, jokatuko den final handira. Oso lasterketa lehiatu batean, Beñat Marmisolle baionarrak eraman du garaipena 7 ordu, 39 minutu, eta 9 segundotako denborarekin. Atzetik, Iñarra (7;41,52) izan da helmugan. Podiuma, Kiril Nikolov (7;42,11) bulgariarrak osatu du. “Lasterketa oso lehiatua izan da. Munduko Kopan nire posturik onena lortu dudan arren, zapore gazi-gozoarekin nago. Garaipena eskura ikusten nuen, baina azken zortzi kilometroetan bide desegokia hartu dugulako ihes egin digu irabazleak. Gainera, Marmisolle arerio zuzena nuen eta puntuen arrakala handitu egin dit. Hala ere balantze positiboa egiten dut, eta aurrerago garaipen baten borrokan ibiltzeko itxaropena dut” adierazi du Iñarrak helmugan. Euskal Selekzioko beste kideak, Julen Martinez de Estibarizek (9;12,24), hamabosgarren postuarekin konformatu behar izan du. Estibariz ere, urrian jokatuko den finalean izango da.

*Munduko Kopako hurrengo proba, urriaren 5ean jokatuko da Bagán (Katalunia). Lasterketak, 37 kilometroko luzera eta 2575 metroko desnibel positiboa izango ditu.