HERRI KIROLAK/AIZKORA

Amundarainek eta Soroak irabazi dute Izar Berriak aizkolari txapelketa

by | 2021/11/02

Argazkiak: egursport.com

 “IZAR BERRIAK” lehiaketa berriari hasiera eman zitzaion pasa den urriaren 23an Basaurin, txapelketa honetan guztira sei aizkolari bikote aritu direlarik nor baino nor gehiago: Txomin Amundarain eta Ibai Soroa, Joxean Etxeberria eta Axel Larrañaga, Hodei Ezpeleta eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Oier eta Xuban Kañamares, Julen Olano eta Julen Gabirondo, eta Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal.

Guztira bi jardunaldi lehiatu dira, bi saio horietan lortutako denborak batu direlarik.

  1. Basauri (Artunduaga frontoia), urriaren 23an, larunbata, 12:00etan.
  2. Azpeitia (Izarraitz frontoia), azaroaren 1ean, astelehena, 12:30etan.

Basauriko lehen ekitaldian, Amundarain eta Soroa izan ziren azkarrenak, hamalau minutu eta 58 segundo behar izan zituztelarik lanak amaitzeko. Suharri eta Basozabal (15’24”) sailkatu ziren bigarren postuan, Ezpeleta eta Izeta VI.a (16’10”) hirugarren izan ziren, Olano eta Gabirondo (16’40”) laugarren, Kañamares anaiak (17’05”) bosgarren eta Etxeberria eta Larrañaga (19’20”) seigarren, hurrenez hurren.

Txapelketako bigarren eta azken jardunaldia lehiatu zen pasa den astelehenean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan eta azkenean bi jardunaldietako denborak kontuan hartuta, Txomin Amundarain eta Ibai Soroa izan dira txapelketako irabazleak.

Hala eta guztiz ere, Azpeitiko jardunaldia Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal aizkolariek irabazi dute,  17 minutu eta 4 segundo behar izan zituztelarik lanak amaitzeko. Amundarainek eta Soroak, berriz, sei segundo gehiago –17 minutu eta 10 segundo– behar izan zituzten. Azpeitiko eta Basaurko lanetako denborak batuta, Amundarainek eta Soroak 32 minutu eta 8 segundoko denbora egin dute eta Rodriguezek eta Basozabalek, berriz, hogei segundo gehiago –32:28–.

Gainontzeko bikoteek egindako denborak honakoak izan ziren: Hodei Ezpeletak eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak –hirugarrenak, 33:37–, Oier eta Xuban Kañamaresek –laugarrenak, 35:09–, Julen Olanok eta Julen Gabirondok –bosgarrenak, 36:24– eta Joxean Etxeberriak eta Axel Larrañagak –42:16– .