EUSKAL PILOTA

Amaia Aldaik jantzi du Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Masterreko txapela

by | 2021/12/20

Urtebeteko etenaren ostean, indartsu itzuli da lau eta erdiko Master LABORAL KUTXA txapelketa kantxetara eta Mungiako pilotalekua ez da nahikoa izan, segurtasun neurri guztiak zorrotz zainduta, finala zuzenean ikusi nahi izan duten zale guztien gosea asetzeko. Edukiera guztiz beteta, asko izan dira kanpoan geratu behar izan dutenak, partida telebistaz edo internetez jarraituz. Eta giro bikain horretan, egungo txapeldunari 14-22 gailenduta, Amaia Aldai dimoztarrak bere betiko ametsa lortu du, kaiolako txapela lortuta.

Esan genezake Dimako aurrelaria Emakume Master Cup zirkuitoarekin batera hazi den pilotaria dela, Imanol Agirre profesional ohiak animatuta, futbola utzi eta esku pilotaren aldeko apustua egin zuen orain ez urte asko eta garapen ikusgarri baten ostean puntaren puntan kokatu da, bere joko oldarkor eta indartsuarekin.

Fisikoa eta teknikoaz gain, mentala izan da Amaia Aldaik azken urte hauetan asko zaindu duen alorretako bat eta finalean ere nabaritu zaio urte gutxian pilotari heldu bat izatera heldu dela. Izan ere, estilo talka bat espero zen bera bezalako aurrelari erasokor eta Miriam Arrillaga bezalako indar eta pazientziazko atzelari baten artean eta partidaren erritmoa Aginagakoak nahi zuenera gehiago gerturatu bada ere, Aldaik une oro partidan sartuta egiten jakin izan du, tantoak luzatu direnean ez du bururik galdu eta finalaren lehen erdi orekatu baten ostean, nagusitasunez gailendu da egindako txapelketa bikainari merezitako amaiera emanaz.

Finala ez da agian distira handikoa izan, urduritasunak jota hutsak ohikoak baino gehiago izan dira, baina nabarmena izan da emakumeen esku pilotak izandako garapena eta gaurko jaialdian orain urte gutxi pentsaezinak ziren gauzak ikusi ditugu. Esaterako Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga txokotik zabalera ateratzen, txapelduna sake bati airez erantzuten ere ikusi dugu eta finalean bertan bi finalistek behin baino gehiago pasa dute lau eta erdiko marra, indarrez ere sobera dabiltzanaren seinale.

Partida alde txikiekin hasi zen (2-0), 4-4raino joan ziren ondoren eta orduan zulotxoa ireki zuen Aldaik markagailuan, 4-8 aurretik jarri zelarik. Baina jarraian dimoztarrak egindako hainbat hutsegiteek oxigenozko baloi bat eman zioten Miriami, 8-9ra murriztu zuelarik aldea.

Gipuzkoarraren akats batekin Aldaik alternatiba berreskuratu zuen berriro eta garaipenerako bidean jarri zen (12-14, 12-17). Handik aurrera ederki kudeatu zuen abantaila Dimako pilotariak eta partida ixten asmatu zuen, azkenean 14-22ko markagailuarekin irabazi zuelarik aurtengo lau eta erdiko Master LABORAL KUTXA txapelketa.

Eta dena borobiltzeko, hirugarren posturako lehia kirol honek duen etorkizun oparoaren ispilu izan da, Laukizko Enara Gaminde gazteak Olatz Arrizabalagari (18-22) gailenduta, kontsolazio finala irabazi baitu. Egia da Gernikarrak ez duela bere egunik onena izan, saketik hasita, hasiera-hasieratik nahikoa nahastua egon da gernikarra, baina ezin da inolaz ere ahaztu Laukizkoak 14 urte baino ez dituela eta, erakutsi dituen dohainekin, zeresan handia emateko moduan dagoela. Final nagusia ez zen arren, urduritasuna nabaria izan da bi pilotariengan, baina ikasleak irakasleak izan ez duen patxada erakutsi du eta ezin gehiago eskatu pilota mistoarekin jokatu duen lehen txapelketan.