MENDIA

Alex Txikonen taldea Manaslura bidean

by | 2021/01/10

Argazkiak: alextxikon.com

Oinarrizko kanpalekura hurbiltzen ari dira dagoeneko Txikon eta bere taldekideak, Philimetik Bihira bitarteko bidea egin berriak direlarik (19km inguru, 1.000 metroko desnibelarekin). Bihinen lo egin eta gero, Simone Moro abiatu da bera bakarrik Samagaonera  (3.500m) ahalik eta azkarren ailegatzeko asmoz, helikopteroz ailegatuko den material guztia egoera onean dagoela berrikusteko.

Katmandun berrogeialdia bete eta bigarren PCR probak egin ostean abiatu ziren oinarrizko kanpamendura bidean, urtarrilaren 10 edo 11n hara iristea espero dutelarik. Kanpamentu nagusia 4.900 metroko altueran ezartzeko asmoa dute eta hasierako helburua altuerako bi kanpamentu ezartzea da, igoera azkarra izan dadin.

Alex Txikon eta bere espediziokideak ostegunean abiatu ziren Katmandurantz, Manasluko gailurra (8.163 metro) zapaltzeko asmotan. Kontutan hartu behar da, neguko espedizio batean inork ez duela lortu oraindik. Manaslu munduko zortzigarren mendirik altuena da eta esan bezala oraindik inork ez du igo negu betean (Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrak neguan heldu ziren gailurrera, baina abendua hasieran ekin zioten). Txikon, Moro eta Alvarez Manasluko bide klasikotik igotzen saiatuko dira.

Astelehenean egindako agerraldian aurkeztu zuen egitasmoa lemoarrak. Simone Moro italiarra eta Mikel Alvarez gipuzkoarrarekin batera, Tenji Xerpa eta Vinayak Jaya Malla alpinista nepaldarrekin partekatuko du espedizioa.

Alpinista bizkaitarrak azpimarratu nahi izan zuen espedizioak beste xede batzuk ere izango dituela, hau da, kirol ikuspuntuak lehentasuna izanda ere, teknologiari, kulturari, ikerketari eta ingurumenari tartea egingo dietela nabarmendu zuen Txikonek aurkezpen ekitaldian. Erronka berri honek balio humanitario handia duela eta iraunkortasunarekiko eta energia berriztagarrienganako konpromezu sendoa ere nabarmendu nahi izan zuten antolatzaileek.