TXIRRINDULARITZA

Alex Aranbururen garaipena Sestaon

by | 2021/04/07

Argazkiak: Itzulia.eus

Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa, 154,8 kilometrokoa Zallatik Sestaora, Alex Aranburu (Astana) ezkiotarrak irabazi zuen, helmugarako 10 kilometro falta zirenean erasoa jota.

Etapa hasi eta gutxira egin zuen ihes zazpi txirrindularik osatutako taldetxoak: Mikel Iturriak (Euskaltel), Jon Irisarrik (Caja Rural), Quinten Hermansek (Wanty), Martinj Tusveld eta Kevin Vermaerkek (DSM), Ben Gastauerrek (Ag2r) eta Oscar Cabedok (Burgos).

La Asturiana mendatea igotzen hasi berritan harrapatu zituen iheslariak tropel nagusiak, eta gailurra igaro ostean, onenen multzoan sartu zen Aranburu, Omar Fraile taldekidearekin batera.  Frailek saiakera hutsala egin ondoren Aranburuk jo zuen erasoa helmugarako hamar kilometroren faltan, eta Sestaora bidean abantailari eutsita garaipena erdietsi zuen (euskal txirrindularitzak Itzulian lortu duen 52. garaipena). Fraile santurtziarra bigarren helmugaratu zen eta hirugarren Tadej Pogacar (UAE) sartu zen, biak irabazlearengandik hamabost segundora.

Gauzak horrela, sailkapen nagusian Primoz Roglicek jarraitzen du lidergoan baina bigarren jarri da sailkapenean Aranburu, Roglicengandik bost segundo eskasera. Hirugarren McNulty dago orain, sei segundora eta laugarren Pogacar 24 segundora.

Bigarren etapako sailkapena (Zalla-Sestao, 154,8 kilometro)

1 ARANBURU Alex Astana – Premier Tech 3:45:32

2 FRAILE Omar Astana – Premier Tech 15 segundora

3 POGAČAR Tadej UAE-Team Emirates  d.b.

4 GAUDU David Groupama – FDJ  d.b.

5 WOODS Michael Israel Start-Up Nation  d.b.

6 ROGLIČ Primož Team Jumbo-Visma  d.b.

7 SCHACHMANN Maximilian BORA – hansgrohe  d.b.

8 LANDA Mikel Bahrain – Victorious  d.b.

9 HIGUITA Sergio EF Education – Nippo  d.b.

10 VALVERDE Alejandro Movistar Team  d.b.

Sailkapen nagusia

1 ROGLIC Primož Team Jumbo-Visma 4:03:04
2 ARANBURU Alex Astana – Premier Tech 0:05
3 MCNULTY Brandon UAE-Team Emirates 0:06
4 POGACAR Tadej UAE-Team Emirates 0:24
5 YATES Adam INEOS Grenadiers 0:28
6 SCHACHMANN Maximilian BORA – hansgrohe 0:31
7 VINGEGAARD Jonas Team Jumbo-Visma 0:32
8 FRAILE Omar Astana – Premier Tech 0:34
9 KELDERMAN Wilco BORA – hansgrohe 0:40
10 BILBAO Pello Bahrain – Victorious 0:42

Asteazken honetan, Itzuliko hirugarren etapa lehiatuko da, Amurrio eta Laudioko Ermualde mendatearen artean, guztira lau mendate igo beharko dituztelarik: Altube (3. mailakoa), La Tejera (3. mailakoa), Malkuartu (2. mailakoa) eta Ermualdea (1. mailakoa).

TXIRRINDULARITZA