EUSKAL PILOTA

Abian da Euskal Pilota Egokituko XI. Gipuzkoako txapelketa

2021/03/12

Argazkiak: euskalpilota.org

Azken egunotan hasiera eman zaio Euskal Pilota Egokituko XI. Gipuzkoako txapelketari, Usurbilen eta Errenterian jokaturiko bi lehiekin: adimen urritasuneko teniseko paleta txapelketa, eta gomazko paleta txapelketa gurpildun aulkian.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (GKEF) elkarlanean antolatutako, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduriko txapelketa hau Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko da (Errenteria, Usurbil, Asteasu, Zumaia, Ataun, Mutriku, Alkiza, Lasarte-Oria eta Idiazabal, hain zuzen ere) eta osasun egoerak ez badu lehiaren martxa oztopatzen, ekainaren 26an izango dira finalak, Zumaian.

Aipatutako erakundeetako ordezkariekin batera, txapelketa jokatuko den hainbat herritako udal ordezkariak bildu ziren aurkezpenera, eta baita parte hartuko duten pilotari batzuk ere.

Antolatzaileen esanetan, kirolariek gogoz ekingo diote txapelketari, izan ere, hilabete asko pasa dituzte lehian aritzeko aukerarik gabe.

GEPFk eta GKEFk eskerrak eman dizkiete udal ordezkari guztiei euren frontoien ateak zabaltzeagatik. Desgaitasuna duten kirolarien gizarteratzea denon ardura dela gogorarazi nahi izan dute antolatzaileek, eta bide hori elkarrekin egiteko deia luzatu dute.

Esan bezala, bi lehiaketa izango dira Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketan: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena; eta, bestetik, urritasun fisikoa duten kirolariena. Lehendabizikoek paletaz jokatuko dute, teniseko pilotarekin; eta bigarrenek gomazko paletaz, gurpil aulkian.

Txapelketa honetan parte hartuko duten kirol elkarteak hurrengoak izango dira: Pagazpe, Mindara, Ostadar eta Zumaia.

Txapelketaren Egutegia

Martxoak 6, larunbata: buruz burukoa Errenterian eta gurpildun aulkian Usurbilen.

Martxoak 13, larunbata: buruz burukoa Asteasun.

Martxoak 20, larunbata: buruz burukoa Zumaian eta gurpildun aulkian Ataunen.

Apirilak 17, larunbata: buruz burukoa Mutrikun eta gurpildun aulkian Errenterian.

Maiatzak 15, larunbata: buruz burukoa Alkizan eta gurpildun aulkian Lasarte-Orian.

Maiatzak 22, larunbata: buruz burukoa Idiazabalen.

Ekainak 5, larunbata: bikoteka Zumaian.

Ekainak 12, larunbata: bikoteka Errenterian.

Ekainak 26, larunbata: bikoteka Zumaian.

Ekainaren 26an (larunbata) finalak Zumaian izango dira, Aitzuri pilotalekuan, 10:00etan:

-Adimen urritasuna duten pertsonen bikotekako finalak (liga gorria eta liga urdina).

-Gurpildun aulkikoen bikotekako finala.