EUSKAL SELEKZIOA/ESKALADA

Abian da 2021eko Eskaladako Euskal Selekzioa

2021/01/25

Argazkiak: emf.eus

Larunbatean elkartu ziren estreinakoz 2021eko denboraldian, eskaladako Euskal Selekzioa osatuko duten gazteak Bilboko Piugaz rokodromoan. Sergio Delgado hautatzaileaz gain, bertan izan ziren besteak beste, Mikel Linazisoro, Irati Zabala, Eneko Carretero, Irantzu Porres, Andoni Esparta edo Martzel Vicario. Haiekin batera eskaladako teknifikazio taldea ere bertaratu zen urteko lehen egonaldira.

Denera, 27 eskalatzaile izan ziren Delgadoren aginduetara aritu zirenak. Urte berri honetako aurkezpena egin ondoren, taldeak 2021ean izango duen funtzionamendua azaldu zuen Sergio Delgado hautatzaileak.

Elkartu ziren eskalatzaileek, denboraldiko blokeko lehen entrenamendua egiteko ere probestu zuten eguna. Egunaren amaieran, pozik agertu zen Sergio Delgado hautatzailea eskalatzaileekin izandako hartuemanean. Lehen helburua, berriro ere denak biltzea zela aitortu du aspaldi elkartu gabeak zirelako, eta gustura ibili direla hurrengo denboraldiaz hitz egiten gaineratu du hautatzaileak. Momentuz ezer berezirik ez dute egin, aurrerago egongo baita lehiaz eta txapelketetaz hitz egiteko aukera.

Hala ere, tamalez lehiaketak eta txapelketak denbora batean itxaron egin beharko dute Euskal Selekzioko eskalatzaileentzat, izan ere, otsailerako antolatuta zeuden probak bertan behera geratu dira, gaur egungo COVID19aren datuak kontutan hartuta.

Gauzak horrela, momentuz gogotik entrenatzea dagokie euskal selekzioko kideei, pandemiaren bilakaera hobetu eta txapelketetan parte hartzeko aukera izan arte.

Honekin lotuta, duela hilabete batzuk, abiadurako eskaladarako horma edo “speedwall” berria gehitu zitzaion udalaren kirol instalazioen sareari Gasteizen, euskal selekzioaren entrenamenduetarako.

Hegoalde gizarte etxean jarri zen abiadura-diziplina entrenatzeko berariaz diseinatutako osagai hori (15,44 metro luze eta 6 metro zabal, bi eskalada-bide berdinetan banatuta). Euskal Herrian soilik beste holako horma bat dago Iruñean.

Gasteizko Udalaren eta Euskal Mendi Federazioaren arteko elkarlanaren emaitza da kirol baliabide berria. Eskalada mota hori oso teknikoa denez, Euskal Selekzioko kirolariek soilik erabiliko dute oraingoz.