ELKARRIZKETAK/ATLETISMOA/KIROL MARKAK

10.000 metrotako Euskal Herriko errekorra duen Trihas Gebrerekin elkarrizketa

2022/03/16

Argazkiak: Zornotzako Krosa

Trihas Gebre Aunoon (Etiopia, 1990), ibilbide luzeko euskal atleta da. Bilbao Atletico Santutxu taldean aritu izan da, baina amatasun kontuak direla eta albo batera utziak ditu atletismo kontuak. Pandemia garaian Etiopiara joan eta gerrak harrapatu zuen bete-betean. 10.000 metrotan  eta maratoi erdian, Euskal Herriko errekorrak ditu, 2008 eta 2009az geroztik. Euskal Herria Kirolak, martxoaren 26an Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean egingo duen kirolerrekorrak.eus webgunearen aurkezpenean izango dugu, beste kirolari batzuekin batera.

Egun on Trihas! Ibilbide luzeko atleta zara. Nolakoak izan ziren zure hastapenak?

Ni Etiopiako Tigray eskualdean bizi nintzen, eta txikitatik korrika egiten nuen, lagunekin eta entrenatzaile baten gidaritzapean. 2010ean Etiopia- Utopia fundazioren eskutik 4 lagun etorri ginen Behobia-Donostia egitera, eta mutil lagun bat egin nuen hemen eta bertan geratu nintzen. Hasieran neure kasa aritzen nintzen, Rikardo Jimenez entrenatzaile nuela. Gero, orain dela pare bat urte arte, Bilbao Atletico Santutxu klubean aritu izan naiz.

Zein da zure atleta ibilbidea?

Orain, mutiko baten ama naizenez geroztik, utzita daukat konpetizioa eta klubik gabe nago. Baina urte asko eman ditut korrika eta proba asko egin ditut. Hemen eta nazioartean ere. 10.000 metrotan eta maratoi erdian oso denbora onak ditut. 2011ean Behobia-Donostia irabazi nuen. Beiijinen, Txinan, 2015ean egin zen munduko txapelketan, 16. egin nuen. 2018 eta 2019an Zornotzako nazioarteko krosa ere irabazi nuen.

Esan dudan bezala, orain utzita daukat, baina badut asmoa berriro entrenatzen eta lehiatzen hasteko.

2018an Olomouc-en (Txekiar Errepublika) maratoi erdian eta 2019n Burjassot-en (Valentzia) 10.000 metrotan lortutako denborekin Euskal Herriko errekorra duzu!

Pozten naiz. Ez nekien xehetasun hori.

Hori dela eta, martxoaren 26an egingo dugun kirolerrekorrak.eus webgunearen aurkezpenera gonbidatu zaitugu.

Semeak eragozten ez badit behintzat han izango naiz.

Pandemia hasi zenean, Etiopiara familia bisitatzera joan eta gerrak harrapatu zintuen!

Bai, anaia-arreben artean zaharrena naiz, ama oso txikiak ginela hil zitzaigun. Pandemia hasi zenean hara joan nintzen, Wukrora, nire jaioterrira.

Azaro aldera, Gobernu federalak matxinatuen kontrako operazio militar gogor bati ekin zion, Trigay herrialdean, eta bete  betean harrapatu gintuen. Gure etxea, leku arriskutsua bihurtu zen eta mendira ihes egin behar izan genuen. Han izkutaturik izan ginen, telefono eta internetik gabe. Oso gogorra izan zen. Ezin izan genuen inorekin kontaktatu. Hilabeteak pasatu ziren horrela, nire taldekidea zen Eseverrik, une batean nirekin telefonoz hitzegitea lortu zuen arte. Oso gutxi aritu ahal izan ginen, hamarren bat minutu askoz jota. Baina nahikoa izan zen, harremana hartzeko eta itzulera ahalbideratzeko.

Eskerrik asko Trihas, martxoaren 26an ikusiko dugu elkar.